Uda ate joka dugu dagoeneko; eguraldi ona, hondartza... baina batez ere, haur eta gaztetxoen oporren garaia da. Eta hori leuntzeko, Ludoteka eta Udalekuak antolatzen dituzte Kutxa Ekogunean.
Ekainaren 25ean hasi eta abuztuaren 31ra arte eskainiko dituzte, eta asteka izena eman ahal izango da. Horretarako epea ekainaren 15ean itxiko dute, eta www.ekogunea.eus web-orriaren bidez apuntatu ahal izango da plazak bete arte.
Gai baten bueltan biak
Udara osoan zehar, bi programa egiten dituzte, urteko helburuekin bat egiten dutenak: «jasangarritasunean eta ekologian hitzetatik ekintzetara pasatzea», azaldu du Maialen Sistiaga arduradunak.
Alde batetik ludoteka dago, 2 eta 6 urte bitartekoentzat dena; eta bestetik, udalekuak, 7-12 urtekoentzat.
Helburu orokorraz aparte, biak gai baten bueltan antolatzen dituzte, urtero aldatzen joaten dena. Aurten, udaleku eta ludoteka Basatiak egingo dituzte.
Horretarako, ludotekan 5 ipuin aukeratu dituzte, eta udalekuetan, aldiz, 5 animalia. Astero, horietako baten inguruan arituko dira, eta ekintza desberdinak egingo dituzte horren inguruan: jolasak, tailerrak, Ekogunearen inguruan irteeratxoak, animaliak ikusi...
Hainbat mezu, kontzientziazioarako
Bietan egiten dituzten ekintzetan haur eta gaztetxoei hainbat mezu helarazten saiatzen direla dio Sistiagak berak: «kontsumo arduratsuaren inguruan, materialen berrerabileran, animalien ongizatean... kon-tzientziatzen saiatzen gara. Eta haurren kontzienziaziotik, gurasoen eta helduengana iristea da aukera».