Nekazaritza suspertzeko lanetan aritzen da Behemendi, Landa Garapen Elkartea, eta Astigarragako Udalak zesioan emandako lur-eremua lehiaketara atera berri du. «Lurrik ez daukan jendearentzat eredu bat finkatu dugu, nekazaritza bere ogibide bihurtu nahi duenari bidea errazteko; batez ere, egiten duguna da lur publikoa eskaini, kalkulatuta, familia batek nekazaritzatik bizitzeko hektarea bat behar duela».
Hala azaldu berri du Juan Kruz Alberdi, Behemendiko agroalde edo nekazaritza lurren arduradunak. Lehiaketara atera berri den lur-eremu hau Larraburu baserriaren aldamenean dago, eta bertan nekazaritza proiektu bat garatu nahi duenak, maiatzaren 15era arteko epea dauka aurkezteko.
Beterri KM0 proiektuarekin lotuta
Agroaldeak nekazari izan nahi dutenen eskura jartzea proiektuaren alderdietako bat da. «Askotan sustatzen da bertako komertzio edo jatetxeetan bertako produktuak erabiltzea, baina gero, nahikoa produkturik ez dago, denentzako!», azaldu du Alberdik. Horregatik, Astigarragako industrialdeatik agroalde bat hartu, eta nekazaritzarako egokitu da, «azken urteetako produktu ekologikoen eskaerari begira». Izan ere, «gure eskualdean arazoa da lur falta, eta beraz, agroalde modeloa zabaltzen ari da».
Lur mekanizagarria, malda gutxikoa, goldetzen dena da alokairu sinboliko baten truke utziko dena, eta inbertsioak dagoeneko eginda dituena
Proiektuaren beste alderdia, berriz, ekoizten dena merkaturatzea da, eta lan horretaz arduratuko da aurrerago, Kilometro 0 proiektua. Andoni Egia, Beterri-Buruntza Udaletako tokiko garapenerako teknikariak azaldutakoaren arabera, laster aurkeztuko dute proiektuaren zati hau ere, baina agroaldeekin lotuta egongo da. «Landuko da ekoizpena 0 kilometroaren barruan banatzea, komunikazioa... Nekazal eskola eta Lanbideren bitartez formaziorako aukera emango da». Bi proiektuen arteko lotura azpimarratzen du Alberdik ere. «Erakutsiko da ekoizten, saltzen, enpresa eramaten... Bi bide erabiliko dira: Fraisoro, produktibitatearen aldetik; eta KM0, proiektuaren bideragarritasuna, enpresa ikuspegia eta merkaturatzea lantzeko. Etortzen den jende asko kaletarra da, eta normalean, zuzen saltzeko asmoa izaten dute. Hori da KM0rekin landuko dena».
Larraburuko agroalderako eskaerak, maiatzaren 15era arte
Eskaera egin nahi dutenek, maiatzaren 15era arte daukate. Memoria eta curriculuma aurkeztu beharko dira, eta lehentasuna izango dute gazteek, Gazte Plana formazioan ari direnek, emakumeek, kooperatibistek eta eskualdekoek. Dena den, interesa daukanak, zuzenean Behemendirekin jarri behar du harremanetan, 943 490 219 telefonoan edo behemendi@behemendi.eus helbide elektronikoan.
Alokairu «sinboliko» baten truke utziko dira lurrak: «arrendamendu agrarioa eskaintzen da, sinbolikoa; hektarea baten truke, 400 euro urteko». Eta horrez gain, inbertsioak Behemendik eginak dauzkala azpimarratzen dute: «goldetzen den lurra da, baratzerako egokia, mekanizagarria, malda gutxikoa. Eta eginak dauzka bideak, ur depositoak... Oinarrizko inbertsioak».
Era berean, laguntzak izaten direla azpimarratzen dute. «Jendea formatu eta administratiboki lagundu» egiten da; esaterako, «40.000 euro ematen dira laguntzatan, bueltarik gabe, eta tutorea edota aholkularia jartzen da. Nekazaritzan sartzea, gaur egun, nahiko babestua dago».
Aurrerago, gehiago
Momentuz partzela hau emango du Behemendik, eta helburua produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea denez, baratzagintzara bideratutako proiektuak lehenetsiko dira.
Hala ere, azpimarratu dute agroalde gehiago jarriko direla aukeran, aurrerago: oilaskotarako, landare mintegietarako... Urte bukaerarako 3 partzela gehiago jarriko dira.
Horregatik, animatu egiten dute gogoa daukan edonor, gutxienez, deitu eta informazioa jasotzera. Aukera izango da, orain ez bada, aurrerago, eta berdin du formatuta egon ala ez, esperientzia eduki ala ez... «Deialdi batean ez bada, beste batean lortu daiteke, gehiago aterako baitira, lurra ez dadin izan oztopo».
ASTIGARRAGAKO LARRABURU BASERRI ONDOKO AGROALDEA
- Eskaerak, maiatzaren 15era arte.
- Eskaerak aurkeztu edota informazioa eskatzeko, Behemendirekin harremanetan jarri: 943 390 219 edo behemendi@behemendi.eus.
- Hektarea bateko lurraren truke, urtean 400 euroko alokairu sinbolikoa.
- Formazioa eta aholkularitza jasotzeko aukera.