«Sinestezina iruditzen zaigu, Hernani Erabaki prozesuko talde eragileari bururatu izana, 8 eta 15 urte bitarteko haur eta gaztetxoek bozkatu ahal izatea 2018an. Hori da EH Bilduk eta prozesua koordinatzen duen enpresak aditzera eman digutena», azaldu du Hernaniko EAJ-PNVk.
Eta adierazi du, ez dagoela neurriarekin ados: «ez dugu zalantzan jartzen talde eragilearen proposamenaren borondate ona, baina uste dugu 8-15 urteko haurrek bestelako jarduerekin ikasi behar dutela parte hartzen, diru publikoa zertan gastatu erabaki baino lehen. Eta hori diogu, diru publikoaren kudeaketa onarekiko daukagun erantzukizun eta konpromisoagatik; alderdi politiko guztiek eduki beharko luketena. Ez dugu aurkitu erreferendum bakar bat ere, non adin horretako haurrek erabaki duten, zertan gastatu diru publikoa».
Zentzu horretan, zenbait galdera jarri ditu mahai gainean Andoni Amonarraizek, Hernaniko EAJren bozeramaileak: «norbaitek galdetzen die etxean bere seme-alabei, adin horrekin, nola elikatu nahi duten, edota kalera jantzita edo biluzik atera nahi duten? Badago instituzioren bat, haurrei galdetzen diena non eraiki behar den ospitale bat, edo non egin behar den errepide bat?».
«EH Bilduk ez dauka interesik, prozesuko partehartzaile kopurua haunditzeko»
Era berean, EAJk kritikatu du, EH Bilduk ez daukala interesik «prozesuko partehartzaile kopurua haunditzeko, erabakitzeko gaitasuna dutenak. Zergatik ez diegu galdetzen hernaniar guztiei, atez ate, prozesua interesatzen ote zaien? Badirudi, alkateak ez zuela ezer ikasi Indiara egin zuen bidaian, EH Bilduren Aldundiak eta Udalak ordaindua. Eta ez dugu ulertzen, Orain Hernanik nola babesten duen diru publikoarekin egiten den esperimentu hau. Beti izan nahi dugu baikorrak, baina behea jo dugula uste arren, Hernanin ezin da jakin».