Naturan heztearen onurak praktikara eraman ditu aurtengo ikasturtean zehar Kutxa Ekoguneak Basoeskola proiektuarekin eta oraingoan, adituak gonbidatu nahi izan ditu ekainaren 25, 26 eta 27an egingo den Udako Ikastarora.
Kutxa Ekoguneako Maialen Sistiaga eta EHUko Josu Sanzen zuzendaritzapean, Naturan eta naturaz ikastea: esperientziatik ebaluazio eta hezkuntza-ikerketara ikastaroa eskainiko da EHUko ikastaroen barruan. Aurreneko bi egunak Miramar Jauregian izango dira; azkenekoa, aldiz, Kutxa Ekogunean.
«Antzeko esperientziak partekatzea», helburu
Pasa den urrian hasi zuen Kutxa Ekoguneak Basoeskola proiektuaren pilotajea Langile Ikastolako, Donostiako Amara Berri ikastetxeko eta Alkizako eskola txikiko haurrekin. Eta bidean, «naturan heztearen onurak aztertu eta praktikara eramaten diharduten aditu desberdinak ezagutzeko zortea izan dugu», dio Maialen Sistiagak. Elkarlan hori kaleratu egingo dute orain, EHUren Udako Ikastaroetan. Maialen Sistiagak berak azaldutakoaren arabera, helburua da «antzeko esperientziak partekatzea».
Besteak beste, Madrilgo Bosquescuelako Philip Bruchner, Educar en verde liburuaren egilea den Heike Freire, Jose Antonio Corraliza psikologo anbientala, Biodonostiako Jesus Ibarluzea edo Mondragon Unibertsitateko Iñaki Larrea izango dira adituen artean. Baita naturarekin harreman estuan dauden Plisti Plasta, Bihotz Inguru ala Mara Mara eskolak ere. Hortaz, Basoeskolaren ikuspegi orokorra, alderdi pedagogikoa eta ikerkuntza uztartzeko aukera izango dute bertaratzen diren aditu, irakasle eta ikerlariek.
Hiru egun, azkena Ekogunean
Hori guztia, hain zuzen, hiru egunetan zehar egingo dute, goizez. Azkeneko eguna, aldiz, berezia izango da, izan ere, Kutxa Ekoguneako instalazioetan egingo dute. Goizeko 09:00etatik 14:00etara izango da ohiko saioa, eta aukera izango dute partaideek arratsaldean bazkaltzen eta parkea bisitatzen geratzeko. Programa osoa ikusi, eta izena emateko, Udako Ikastaroetako web orrian egin beharko da: www.uik.eus.