IAZ igoera lortu ostean, TKE ligan lehiatzen ari da Donostiarraren gizonezkoen lehen taldea, lehen aldiz, eta oso maila ona eman du orain arteko estropadetan. Talde horretan badira Hernaniko harrobitik igarotako hainbat arraunlari eta nahiz eta Hernaniko harrobitik ez irten, hernaniarrak direnak.
Iazko igoera bizi izan zuen Aitor Iraolak, eta bertan jarraitzen du, eta aurten batu da taldera Xabat Pastor, iazko udan B taldean aritu ostean. Biak dira Hernaniko Arraun Elkarteko harrobikoak eta hernaniarrak. Ordezko patroi gisa dabil Jon Iruretagoiena Jontxi hernaniarra, aurreko bi denboraldietan Hernaniko gaztetxoekin entrenatzaile aritutakoa.
Ur Kirolakeko harrobitik irtendako Iván López hernaniarra ere Donostiara itzuli da, San Juanen urte batzuk egin ostean. Laurak osatzen dute Donostiarrakeko hernaniarren bizkarrezurra. Hernanirekin lotura estua duen arraunlari gehiago ere badaude. Eta baita Goizuetarekin ere. Ez da ahaztu behar Igor Makazaga entrenatzaile sanjuandarraren ama dela goizuetarra; Imanol Iradi arraunlariaren aita hernaniarra den bezala.
«TKEn estropada txarra egiten baduzu hamargarren postura zoaz segituan»
Aitor Iraola eta Xabat Pastor gustora daude taldean eta egiten ari diren denboraldiarekin. Xabaten lehendabiziko urtea da seniorretan eta Aitorrek laugarrena du. Pasa den urtean B ontzian ibili zen Xabat eta aurtengoan lehenengo ontzian dabil. «Oso esperientzia desberdina da. Aurreko urtetik ezagutzen nuen taldea, baina gauzak aldatzen dira».
Aitorrentzako hirugarren urtea da A txalupan. Esperientzia horrek ematen dion ikuspegitik denboraldia nola ikusten duen azaltzen du. «Denboraldi hasieran ez zen helbururik jarri. Entrenamenduetako maila erakustea izan da beti helburua. Lan hori estropadetara eramatea lortu nahi dugu».
TKE ligara igo berria da Donostiarra eta hori nabaritzen dute bai Aitorrek eta bai Xabatek. «Hemen estropada txarra egiten baduzu postuetan oso atzera zoaz. 10garren geratu zaitezke erraz eta estropada ona eginda ere postu onak lortzea zaila da» dio Xabatek.
Aitorren ustez «aurreko urtean igo beharraren presioa zegoen. Batzuetan alde haundiarekin irabazten genuen eta hemen berriz desberdina da. Oso denbora gutxian gaude ontzi asko eta erdipurdiko estropada eginez gero, oso atzera zoaz. Eta sentsazio txarrak geratzen zaizkizu».
Orain normalean astebururo estropada bana egiten dute. «Egun batean bai eta bestean ez gabiltza gutxi gora-behera. Xabatek denboraldi hasieran gehiago egin zituen» dio Aitorrek. Jontxi patroiak ere debutatu zuen TKEn Pasaiako estropadan.
TKE liga ahalik eta postu hoberenean amaitzea nahi dute eta, noski, Kontxara begira ere badaude. «Iraila berehala iristen da eta prest egon behar dugu».
Beste sei hernaniar, bigarren ontzian
Mikel Rosell, Asier Guillen, Jon Herrero, Iker Iriarte, Andoni Saizar eta Iker Imaz dabiltza bigarren ontzian. KAE 1 ligara igotzea lortu berri dute.
hernaniko harrobiak gero Donostiara egiten duela salto argi dago. Eta horren emaitza da taldean dauden hernaniar guztiak. Ez bakarrik lehenengo ontzian, bigarrengoan ere mordoska dira hernaniarrak. Sei guztira: Asier Guillen, Mikel Rosell, Iker Iriarte, Jon Herrero, Andoni Saizar eta Iker Imaz. Beraz, guztira Donostiarra taldean 10 hernaniar badaude.
Gainera emaitza onak lortzen ari dira eta hernaniarrak protagonista dira. Uztaila erdian bandera ekarri zuten Camargotik, Donostiarra B traineruan ari diren bost hernaniarrek: Jon Herrero, Iker Imaz, Iker Iriarte, Mikel Rosell eta Andoni Saizar.
Ez da bakarra izan, gainera. Hain zuzen, ligako azken bost estropadetan lautan aurrenekoak izan dira. Azken estropadan, joan den igandekoan sufritu zuten gehien, Santoñan, bosgarren egin baitzuten. Baina azkenean, KAE 2 ligako txapeldun izan dira, eta KAE 1 ligara igo dira.
Familiarteko loturak eta gehiago
Batel denboraldian ere ibili dira Donostiarran Xabat eta Jontxi, gainera, oso denboraldi ona egin dute. «Gipuzkoako txapelketa irabazi genuen eta ez genuen uste. Gero trainerillan ere ibili naiz eta bigarren geratu ginen Orioren atzetik». Gainera, Xabaten arreba, Jone, eta Aitorren arreba, Maitane, Hernaniko Maialen traineruan dabiltza; bata patroi eta bestea arraunean.
Ez da ahaztu behar beste ontzi batzuetan ere badirela hernaniarrak. Imanol Muñoz Txiribi Getarian ari da aurraunean, esate baterako.