Hernaniko ikastetxeetako ikasleek hondakinen gaia landu dute ikasturtean zehar, Eskola Agenda 21 programaren barruan, eta azterketa sakon baten ondoren, Hernaniko egoera hobetzeko proposamenak bildu eta udal ordezkariei helarazi zizkieten atzo.
Proposamen horiek, aurten lehenengo aldiz, Hernani Erabaki aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan sartuko dira.
Proposamenak bakarrik ez; konpromisoak ere bai
Maila bakoitzeko ikasleek hondakinekin lotutako arlo bat landu dute. Lehen Hezkuntzako 1 eta 2 mailakoak hondakinak ondo sailkatzen ote diren begiratu dute, kalean; 3 eta 4 mailakoek, etxeko ohiturak aztertu dituzte; eta 5 eta 6 mailakoek hondakinak biltzeko sistema aztertu dute.
DBHko 1 eta 2 mailakoek, berriz, publizitateak eragin dezakeen hondakin kantitatea aztertu dute, eta 3 eta 4 mailakoek, hondakin organikoaren kudeaketa.
Azkenik, Lanbide Heziketan Udalak egindako eskaerari erantzuten saiatzen dira, eta aurten, herriko autobus geltokietan dagoen zakarrontziak jartzeko beharra aztertu dute.
Guztiarekin, herriaren diagnostikoa egin dute, eta aurreko urteetako konpromisoak zein mailatan bete diren jaso dute. Birziklatzean hobetu bada ere, zabor gutxiago sortu behar genukeela ikusi dute, adibidez. Beraz, egoera hobetzeko proposamenak udal ordezkariei helarazteaz gain, ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte, eta dekalogo batean bildu. Horietako batzuk dira zabor eta txikleak lurrera ez botatzea, hamaiketako ontzi berrerabil-garrietan biltzea, bigarren eskuko azokan parte hartzea edota maskoten gorotzak jasotzea.
Udal ordezkariak, adi
Egoera aztertuta, ikasle guztiak elkartu dira ikasturtean zehar bi forotan, denen artean erabakitzeko Udalari zein proposamen egin, herriko egoera hobetzeko. Horiek azaldu zizkieten atzo Luis Intxauspe alkateari eta Mattin Aldaia, Esti Aldeiturriaga eta Xabier Lertxundi zinegotziari, eta adi entzun zuten hauek.
Adibidez, erosketak egitean zabor gutxiago sortzeko poltsa berrerabilgarriak berriro banatzeko eskatu zuten, eta udal ordezkariek baietz erantzun zuten, eta atzo bertan banatu zituzten aurrenekoak. Bestalde, sentsibilizazio kanpainak martxan jartzeko eskatu zuten, eta udal ordezkariek azaldu zuten udazkenean egingo dutela kanpaina, eta ikasleen ideiak txertatuko dituztela.
Erakusketa, Biterin
Egindako hausnarketaz gain, diagnostikoa egiteko hainbat argazki atera dituzte ikasturtean zehar ikasleek, eta hauek ikusgai daude Biteri kultur etxean, maiatzaren 24 arte, 17:00etatik 19:00etara.