Udaberria sasoi onena da bizikleta hartu eta bueltaxka emateko, eta hori aprobetxatuta, urtero antolatzen du Iskibi Kanpinak BTT zeharkaldia. Aurten, bederatzigarren edizioa eginen dute, bihar zortzi izanen dena, igandez. Goizeko 09:00etan izanen da irteera, kanpinetik bertatik.
Ibilbidea, antzekoa
Antolatzaileek azaldu dutenez, «aurtengo ibilbidea aurreko urtekoaren antzekoa izanen da, Goizueta inguruko mendietatik eta Artikutzako parke naturaletatik barrena».
Zeharkaldia «mendi pista eta xenda ezberdinetatik pasako da, eta 12 kilometro izanen dira Artikutzako parke naturaletik».
Bi zirkuitu izanen dira aukeran: luzea, 43 kilometrokoa; eta motza, 30 kilometrokoa.
Izenematea, martxan
Nahiz eta egunean bertan aukera izanen den, dagoeneko eman daiteke izena Internet bidez: www.kirolprobak.eus. Prezioa: federatuek, 12 euro; ez federatuek, 14 euro.
Horrekin, aukera izanen da larunbat gaua kanpinean pasatzeko. Gainera, 12 euroko menua prestatu dute egun horretan bertan bazkaldu nahi duenarentzat.