«Emakume asko eta oso desberdinak gara sarea josten ari garenak, eta ahizpak, feminismoari esker»

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 19a, 02:00

Erronka bota die Isabel Otero Gloriek, astigartarrei eta inguruko herritarrei. «Matazak in­dar­keria sexistaren aurka pro­iek­tua hemen, Astigarra­gan sortua da, duela 4 urte. Gu­rea da, euskalduna eta zabal­tzen ari gara. Ez ote gara gai, euskaldunok egindakoa bul­tzatzeko?». 

Proiektuaren nondik-nora­koak bilduko dituen dokumentalaz ari da: 365 sororitate hari. Hura grabatzeko behar den dirua biltzeko crowdfunding kanpaina jarri dute martxan, eta hilabetea bukatzerako, 9.000 euro bildu behar dituzte, gutxienez; 2.700 euro bildu dituzten, orain arte.

4.000 metrotik gorakobufanda, biolentzia sexistaren aurka
Harituz elkarteak 2014an hasitako proiektua da Matazak, el­kar­teko lehendakariak, Isabel Otero Gloriek azaldu bezala. Ideia zen, Azaroaren 25era, Ema­kumeenganako Indarke­ria­ren Aurkako Egunera begira, sentsibilizaziorako bufanda bat jostea, 30 zentimetroko zabalerakoa, eta nahi adina luzeerakoa. Urte hartan, 1.500 metroko bufanda lortu zuten.

Lau urte geroago, bizirik jarraitzen du proiektuak. «Dagoeneko, 4.800 metro dauzkagu josita. Horrek ikusgarritasuna ematen digu, baina hori baino garrantzitsuagoa da zabaltzen ari garen mezua: biolentzia sexistak bizirik jarrai­tzen du, eta hainbat emakumeren memoriak josita daude mataza horretan».

Santu izateko, herriz aldatu behar
Bufanda erraldoi horrek bil­tzen dituen istorio eta bizipenak, ordea, ez dira Astigarra­ga­ko edo Euskal Herriko emakumeenak, bakarrik. «Estatu osoan barrena gabiltza, eta baita estatutik kanpo ere». Cor­do­ba, Valentzia edo Alacanten izan dira. Asturiasko Askata­su­­nerako Treneko Emaku­me­ek ere bat egin dute Matazekin. Eta Madrilgo hainbat erkidegok; azaroan Mostolesen izango dira. Nafarroan ere izan dira. Eta iaz, adibidez, Tunezko emakumeak izan ziren Astiga­rra­gan, Azaroaren 25ean, eta datorren ekainean, Suediara joango dira Harituzeko hiru kide.

«Baina bada esaera bat, esaten duena: santu izateko, herriz aldatu behar. Badirudi ez daukagula etxean, etxetik kanpo daukagun sororitate adina. Horregatik egin nahi dugu dokumentala. Astiga­rra­ga, gure lurraldea, Euskal Herria bultzatzeko. Adieraz­te­ko gurea dela proiektua».

Internet bidez bakarrik ez, eskura ere eman daiteke laguntza, Gerizpen, Isa janari-dendan eta Ogi Berrin jarri diren kutxetan: lazoa, borondatearen truke.

‘365 sororitate hari’ grabatzeko, laguntza bila
Dokumentala egiteko proiektua, beraz, martxan jarri dute, dagoeneko. «365 sororitate hari izena du. Izan ere, emakume asko eta oso desberdinak gara sarea, bufanda josten ari garenak, eta ahizpak, feminismoari esker, sororitateak edo ahizpatasunak batzen baikaitu, biolentzia sexistaren aurkako borrokan».  

Eneko Olasagasti izango da dokumentalaren zuzendaria. «Enekok genero ikuspegia barneratua dauka. Alardearen seme-alabak (2013) zuzendu zuen, eta asko gustatzen zaigu bere ikuspegia. Iruditzen zaigu dokumental batek mezua zabaltzen lagunduko digula; zinema jaialdietan ere aurkeztu ahal izango dugula».

Hori ordea, garestia da, eta crowdfunding kanpaina jarri dute martxan, behar den dirua biltzeko. Lagundu nahi duenak www.goteo.org/project/365-hilos-de-sororidad webgunean sartu behar du, eta ekarpena egin. Guztira, 20.000 euro inguru beharko dituzte, baina biltzen segi ahal izateko, gu­txienez, 9.000 euro lortu behar dituzte maiatza bukatzerako, eta 2.700 inguru lortu dituzte orain arte. «Enpresaz enpresa, inguruko herrietako udaletxeetara... egin ditugu bisitak. Lagunduz gero, dokumentalean agertuko da erakunde horren publizitatea, eta desgrabatu ere egingo du!», dio Isak, animatzeko.

Era berean, eskura lagun­tzeko ere badago aukera. «La­zo­ak josten ditugu, eta Isa ja­nari-dendan, Gerizpen eta Ogi Berrin utzi ditugu. Boronda­tea­ren tru­ke hartu ditzake, nahi duenak, eta proiektu honekin bat egin». Informazio gehia­go nahi duenari ere, bideak eman dizkiote: 630 678 474 telefonoa edo Madejas contra la violencia sexista Facebook orrialdea.

Donostiako Olatu Talka eta Suedia, agendan hurrenak
Matazak proiektuarekin bat egin duten hainbat emakumeren istorioak kontatuko dira dokumentalean, eta besteak beste, biolentzia sexistaren kontrako borrokan urtebetean egiten dituzten ekintzen kontakizuna ere egingo da.

Lau urte martxan daramazkien proiektu honek ez du etenik, eta hainbat zita ere ba­dauz­kate, laster: «Bihar Ilar Egunean izango gara. Eta Donostiako Olatu Talkan, Zu­loaga plazan; hilaren 26an, 11:00etatik 14:00etara josten, eta ikusgarritasuna ematen, eta 27an, 13:30etan, performance batean. Gero Suedian, Sa­gar Uztan, Ondareari buruz Pasaian egingo diren Europako Jar­dunaldietan... Jendeak kon­tzien­tzia hartu dezala, arazo potolo baten aurrean gaudela; genero indarkeria». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!