Ekainaren 10eko Giza Katearen iragarle, hainbat ekintza egiten ari da Gure Esku Dago Nafarroan, baita ere. Gaur izanen da horietako bat; Nafarroako armarria irudikatuko dute Iruñeako Gaztelu Plazan, eguerdiko 12:00etatik aurrera.
Mosaikoa, herritarrekin
Herritarren laguntzaz giza-armarria osatuko dute, mosaiko koloretsu baten bidez, «nafarron burujabetza nahia sinbolizatzeko asmoz».
«Elastiko eta zapi gorriak jantzita, eta elkarren artean lotuz, armarriaren kateak marraztuko ditugu plazaren lurrean», azaldu dute.
Aurretik izena emateko deia egin dute, eta bertan lortu ahal izanen dira elastikoak.
Hiru helbururekin
Ekimenak hiru helburu izanen ditu: «Nafarroan erabakitzeko borondatea agerian uztea, elementu sinboliko bat erabiliz; ekainaren 10eko giza kateari begira jendea parte hartzera animatzea; eta indarrak biltzea etorkizunari heltzeko».