«Azkenengo Jai Batzordean Astigarragako Gazte Asanbladak Santio festetan ez zuela parte hartuko mehatxatu zuen, Udalak txoznen leku aldaketarekin jarraitzen baldin badu. Txoznak Pelotari kalera eramatea da Udalaren erabakia, behintzat oraingoagatik, Tomas Albako bizilagunen atseden eskaerari erantzunez, azken urteetan txoznak jarri diren gunea baita Tomas Alba». Hitz horiekin hasi du Udalak azken prentsa oharra.
Udal Gobernuaren esanetan «gogoratu behar da legealdi honetako lehenengo Santio Jaiak desatseginak izan zirela oso Tomas Albako bizilagunentzat, ordutegietan eta musikaren bolumenean egon zen kontrol ezaren ondorioz. Bizilagunen haserrearen ondoren Udal Gobernua Gazte Asanbladakoen ordezkariekin bildu zen arazoa jakinarazteko eta bizilagunei urte beteko atsedena emateko txoznen kokalekua aldatzeko proposamena luzatuz bizilagunei».
Astigarragako gobernu taldeak adierazi du hasiera batean Astigarragako Gazte Asanbladaren jarrera aldekoa izan zela. «Gainera, gobernu taldeak Gazte Asanbladaren eskaera, Zipotzatik gertu kokatzearena, aintzakotzat hartu zuen. Horrexegatik Pelotari izan da kontuan izan ziren kokalekuen artean aukera hoberena».
Honela, Udal Gobernuak Tomas Alban bizi diren bizilagunekin hartu zuen konpromezua bete nahi du «eta ez du ulertzen Gazte Asanbladak zergatik jartzen duen zalantzan bere garaian onartutako leku aldaketa. Beste behin, gobernu taldeak prest agertzen du gazte taldearekin kolaboratzeko nahia eta ez du uste beharrezkoa denik herriko festetan parte ez hartzeko erabakia».
«Izan ere, aste honetan bertan Udalak aho batez onartu du jaietarako diru partida eta laguntza horretan Gazte Asanbladarentzako 6.872 euroko diru-laguntza dago onartua» gogoratzen du prentsa oharrean.