Ilar jardunaldiak ostegunean hasi ziren ilarrarekin egindako pintxorik hoberenaren aukeraketarekin. Zazpigarren Ilar Egunak ez du etenik eta gaur eta bihar beste bi ekitaldi nagusi izango dira. Astigarragako Baratz Elkarteak, Behemendik eta Udalak elkarlanean antolatu dituzte gaurko eta biharko bisita gidatua, hitzaldi-tailerra, ilar dastaketa eta azoka berezia.
Gaur, 11:00etan, baratzen bisita gidatua da udaletxeko kontzejupetik abiatuta. Bertan, Baratz Elkarteko kideak azalpen guztiak emango dituzte. Ondoren, hazia eta landareari buruzko tailerra Hazieraren eskutik (Cristinaenea Fundazioko hazien artxiboa) eskainiko da kontzejupean bertan.
Charo Zapiain, Roxario jatetxeko sukaldaria, eta Baratz Elkarteko lehendakaria; Mikel Zendoia, Behemendiren izenean; Raoul Servert, Araudi Paisaiaren izenean; eta baita Gorbea eta Baratz elkarteko beste zenbait kide egon ziren aurkezpen egunean eta izango dira protagonista gaur eta bihar.
«Ilarra produktu txikia da, koloretsua, zaporetsua... baina zaila»
Charo Zapiain sukaldariak ilarrak garrantzia nabarmena izan duela azpimarratu zuen: «sukaldean, ilarra inportantzia bizikoa izan da. Produktu txikia da, koloretsua, zaporetsua... baina zaila!». Horregatik, «lanean» jarraitu behar dela argi dauka.
Lan horretan, astigartar gazteenei produktuen garrantzia helaraztea ezinbestekotzat jo zuten prentsa agerraldian, eta hala adierazi zuen Baratz Elkarteko kide batek: «gure helburua da txikitatik ikastea Astigarragan bertan ze barazki dagoen, tartean, ilarra».
Bihar egongo da goizean zehar azoka eta pintxoak dastatzeko aukera Joseba Barandiaran plazan
Ilar Egunari edo hobe esanda Ilar jardunaldieri amaiera bihar igandean emango zaio azoka berezi batekin Joseba Barandiaran Plazan. Floru Plazatik bertara aldatu da. Aurretik, 09:30etan txistularien Diana egongo da.
Ilar postuetan, Luis Irizar eskolako hiru sukaldariek unean egindako ilar pintxoak dastatzeko aukera dago.
Behemendi Elkarteak Euskal Herriko produktuak jarriko dituzte salgai ilarrekin batera. Artisau ogia, txerrikiak, txokolateak, pastak, gazta, arrai kontserbak... 11:00etatik 14:00etara egongo dira jarrita postuak.
Haurrentzako zurezko jolas erraldoiak eta Idoia Lizeaga bitxi tailerra jarriko dira.