«Gauza bakarra zeukan buruan Alejandrok; danborradak aurrera jarrai zezala»

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 19a, 02:00

Atzo hasi zituzten Florida-Etxeberrin, Mendekoste jaiak. 1977an egin ziren aurrenekoz, eta hasiera hartan bertan sor­tu zen festetako izar bihurtu den danborrada ere; haurrena, 1979an, eta helduena, 1980an. Festazale ikaragarri pila gerturatzen zen garai haietan. Az­ken urteetan, ordea, auzota­rren­tzako festa bihurtu da ge­hia­go, baina go­gotik ospatzen dituzte oraindik, eta batere aldatu ez dena da, danborradaren arrakasta. 

Aurten, ordea, auzotar ba­ten hutsunea nabarituko dute, eta ez nolanahikoarena, gainera: Aejandro Sanchez Gil, danborradaren gidari sutsuarena. Omenaldia egingo diote bihar.

«Danborrada zen bere pasioa; eta haurrak, oso inportanteak»
«Zailak izango dira aurten, fes­tak. Amarengatik ere segi­tzen dut hemen. Pentsatu nu­en aitak uztean nik ere uztea, baina gauza bakarra zeukan buruan: danborradak aurrera jarrai zezala». 

Otsailean zendu zen Alejan­dro Sanchez Gil, 35 urtetik gora eginda, Etxebe­rri­ko Lagun Ar­tea soziedadearen danborrada antolatzen eta zu­zentzen. Hark utzitako hutsunea bete­tzea ez da erraza izango, baina haren seme Gorkak eta Au­zo­kide auzo elkarteko eta Etxe­berriko Lagun Artea soziedadeko hainbat kidek heldu diote aurten erronkari. «Zuzendaritza aurten de­non artean hartu dugu, eta ez da erraza; gain-gainean egon behar da», diote.

Gorkak ere ederki asko daki ez dela nolanahiko lana. «35 bat urte edo gehiago egin ditu aitak danborrada antolatzen, baina laguntzen hasieratik ari­tu da, eta gu ere bai; etxean betidanik lagundu diogu ana­iak (Sergiok) eta biok! Sukal­dari, barril, danbor izan gara. Aitarentzako danborrada zen bere pasioa; eta haurrak, oso inportanteak».

San Joanetan ere, gogoan
Hain zuzen, haurrekin ere lan haundia egindakoa da Ale­jan­dro. Auzoa 1974an sortu zela gogoratzen dute, eta festak 77an egin zirela aurrenekoz. «Bi asteburutan egiten ziren orduan. Oialumeko Axintxio etortzen zen jazbanarekin!». Aurreneko danborrada, umeena, berriz, 1979an atera zen; Etxeberriko Lagun Artea soziedadea inauguratu eta urtebetera, eta helduena, 1980an.

Garai haietan auzoko festek jende asko erakartzen zutela gogoratzen dute, «baina pixkanaka behera egin zuten, desa­gertu arte». 2000 urtean egin ziren azkenekoak. Haurren danborradak, ordea, aurrera egin zuen. «Alejandrok jarraitu zuen umeekin. San Joanetan ateratzen jarraitu zuen, Santa Barbara elkarteko danborradarekin batera. Ez zen geratu, festak bezala». Horregatik, hain juxtu, bihar haurren danborradak egingo dio omenaldia, eta San Joanetan ere egingo diote zerbait. «Umeek asko maite zuten Alejandro».

«San Joanetako danborradara herrira zenbat haur igotzen genituen ikusita, harrituta geratzen ziren!»

Haria jarraitu
Haurren danborradak bai, baina helduenak ez zuen ja­rrai­tu, festak egiteari utzi zi­tza­ion urteetan. Auzokide el­kar­teko kideek, ordea, 2014an berreskuratu zituzten, eta helduen danborrada, 2015ean. «Ur­te batzuk festarik gabe pa­sata, falta sumatzen genuen. Gai­nera, askok haurrak eduki ge­nituen, eta oso inportanteak iru­ditzen zitzaizkigun jaiak. Pena ematen zigun utzi izanak. Beraz, hasi ginen berriro; egun bat aurrena, eta gero eta gehiago, pixkanaka. Gaur egun festak auzokoentzako dira. Le­hen haundiagoak ziren, jende gehiago etortzen zen».

Ez zaie asko inporta, hala ere. «Auzokide elkartean hasi gi­nen zer egin zitekeen pen­tsatzen, baina zailena egina zegoen: guk hariari jarraitu besterik ez dugu egin!». Hala ere, jende gehiagoren laguntza beti ongietorria izaten dela azpimarratzen dute. «Beti be­har da jendea, ari direnak ez erre­tzeko. Azken batean, ez gara hainbeste, eta festak de­nontzako dira; denok nahi izaten dugu gure momentua!». 

Danborra jo aurretik, egin
Hari horren hari-muturretako bat izan da Jesus Rodriguez, eta behar izanez gero lanera bueltatzeko prest dagoela dio, danborradari eusteko bada. Etxeberriko Lagun Artea soziedadeko aurreneko lehendakaria izan zen, eta, beraz, danborrada martxan jarri zuenetako bat. Horrexegatik txupinazoan omendu zuten oarain bi urte, Alejandrorekin eta Blas eta Nicorekin batean.

«Soziedadean bazen Donos­ti­ko jendea ere, eta baten bati bururatuko zitzaion danborradarena. Ideiarik ez genuen, eta Santa Barbara elkarteak la­gun­du zigun. Danborrak, ba­rri­lak, labanak... dena egin behar izan genuen! Imaz aro­tzak egurrak mozten zituen, eta kurtido­ra­tik larruak ekarri eta auzoko jendearekin hitz egin genuen. Alejan­drok ha­sie­ratik laguntzen zuen, eta Bla­sek, Juantxok, Carlosek... 30 danbor, beste hainbeste barril, labanak, jan­tziak... Amak kolorea aukeratzen...». 

Emakume askok ere gogotik egin zuten lan hasiera hartan. «Jantziak ere egin behar izan genituen, eta auzoko amek lagundu ziguten. Tela au­keratu, eta modista bat bazen, patroiak egin zituena. Eta gero, bakoitza etxean bere jantzia jostera! Ehundik gora ume!».

Danborrada, autobusean
Parte-hartzaile kopurua haundia izan zen, hasieratik, eta Santa Barbara elkarteko kideen aholkuak ondo gogoan hartu zituztela dio, Je­su­sek. «Jotzen ateratzeko, gu­txienez sei urte eduki behar zi­tuztela gomendatu ziguten, eta hala egin genuen, nahiz eta batzuk haserretu egiten ziren, ez baitzuten sukaldari moduan atera nahi, baizik eta danborra jotzen. Baina ne­katu egiten ziren». Ez bai­tzen nolanahikoa, ibilbidea! «Elkartetik jaitsi eta Txo­kora joaten ginen, eta Sa­gas­tiara gero. Oblatosen ere geldialdia egiten zen, eta Zin­koe­ne­a­raino igotzen ginen. Txikie­nak auto­busean igo­tzen ziren!». 

Ez ziren berehalakoan nekatu, ordea, parte hartzeko gogoarekin jarraitu bai­tzuten. «San Joanetako danborradara zenbat haur igo­tzen genituen ikusita, harrituta geratzen ziren!». 

«Helduen danborradaren afaritan, edatekorik ez emateko esan ziguten. Hasieran ez genuen ulertu, baina arrazoi zuten! A ze festa, gero!»

Segi eta segi
Helduen danborradari begira ere, Santa Barbarako kideek eman­dako gomendioak har­tu zituzten kontuan. «Au­rre­neko danborradaren aurreko afa­ritan, edatekorik ez emateko esaten ziguten. Hasie­ran ez genuen ulertzen, bai­na, noski, arrazoia zuten! A ze festa gero!».

Bestelako eginbeharren berri ere eman zieten. «Ide­ia­rik ez genuen, baina Tolo­sa­ra joan behar izaten ge­nuen jo nahi genituen abestiak jotzeko baimena eska­tzera». 

Gainontzean, festak antolatzen buru-belarri ibili zirela gogoratzen du. Eta a ze festak! «Egan, Akelarre... Ez dira edonolakoak izan he­men ibili direnak! Eta bi txaranga gau berean, tabernako bi barra... Baina festek behera egin ondoren, desagertu zirenean, zahartuta ginenok utzi egin genuen, eta Ale­jandrok eutsi zion. Azken 16 urte ingurutan berak bakarrik jarraitu zuen!».

Aurten, taldean heldu diote danborrada zuzentzeko lanari. «Aurten bagara ba­tzuk, prest gaudenak. Dato­rren urtean zer egin, ikusiko da», diote auzotarrek. «Ale­jan­drok argi utzi zigun, honek jarraitu egin behar
zuela». Eta Jesus iritzi berekoa da. «Ez nuke onartuko danborrada galtzea, jendea falta delako. Ni prest nago, laguntzeko, ilusio haundia egiten digu». Segurtasuna ematen die horrek, gainontzeko auzotarrei. «Datorren urtean ikusiko dugu bai, baina danborradak jarraituko du, seguru».

MENDEKOSTE JAIAK 

Gaur, larunbata
11:00, Haurrentzako tailerrak.
11:30, Jubilatuentzako jolas ezagunak eta luntxa.
12:00, Aparraren festa.
12:30, Patata-tortilla txapelketa.
14:30, Paella-jate herrikoia Etxeberriko pelotalekuan.
15:30, Mus Txapelketa, Auzokide bizilagun elkarteak antolatua.
16:30, Kirol jolasak 4-15 urte artekoen­tzat, Denontzat Gimnasioak antolatua.
18:00, Haurrentzako txokolate-jana.
19:00, Marsel Magoaren ekitaldia Etxeberriko pelotalekuan.
20:00, Bingo  herrikoia.
21:00, Disko festa.
23:00, Zezen suzkoa.

Bihar, igandea
11:00, Meza Nagusia hildakoen omenez.
11:00, Haurren danborrada.
12:30, Alejandrori omenaldia.
12:30, Sagardo dastatzea txarangarekin batera.
14:00, Errifaren zozketa.
14:30, Jaien amaiera eta azken traka.

 

Txupinazoa - Boluntario koadrila

«Beti egoten dira prest, laguntzeko»

Txupinazoan ere beti omentzen da auzotarren bat, eta atzo sagardo dastaketaz arduratzen den koadrila izan zuten gogoan.

Auzotarrak omentzeko mo­mentua izaten da txupinazoa, eta atzokoan, igandeko sagardo dastaketan boluntario lanean aritzen den koadrila izan zuten gogoan.
«Denak umeen danborradari begira aritzen garenean, haiek aritzen dira lanean. Koadrila hau beti egoten da lanerako prest, eta beti presta­tzen dute zerbait errea, jateko: saiheskia, arkumea... Feste­ta­ko parte diren aldetik, eskerrak eman nahi izan dizkiegu be­raiei ere». Baina adarra jotzeko ere aprobetxatu nahi izan dute. «Jubilatuak daude eta, denbora daukate!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!