Eskola Kiroleko jarduerari segika, beste jardunaldi bat izango dute alebin eta infantil mailako txirrindulari gazteek asteburu honetan. Hain zuzen, Irun Saria jokatuko dute igandean, goizeko 11:00etatik aurrera. Bertan izango dira, beste behin, Hernaniko JOCC Zikuñagako kide gazteenak.
Zita, Transpakarren
Nahiz eta lasterketa 11:00etan hasten den, hernaniarrak lehenago elkartuko dira. Horretarako, beti egiten duten bezala, goizeko 09:30etan jarri dute zita, Transpakarren, beren lokala dagoen lekuan. Bertatik abiatuko dira denak elkarrekin, Irungo Kolon pasealekura, bertatik abiatzen baita ibilbidea.
Zikloturistak ere, bihar
Ez dira, ordea, zita ezarrita daukaten txirrindulari bakarrak. Hernaniko zikloturistek ere, bihar egingo dute ohiko irteera. Denboraldiko hamabigarrena izango da, eta oraingo honetan, Donibane Lohitzunera abiatuko dira, bertako porturaino iritsita.
Denera, 78 kilometroko ibilbidea egingo dute errepidetik, Zinkoeneatik abiatuta. Ohi bezala, 08:00etarako jarri dute zita.