Hernani denboraldiko bi partidu erabakiorrenen au-rrean dago. Errusiako esperientziaren ondoren Ohorezko Mailako promozio fasean sartuko da buru-belarri bihar. Sevillako Ciencias Cajasol izango du aurkari eta mailari eusteko joaneko eta itzulerako partiduetako batuketan markagailu hobea lortu behar du.
Lehenengo partidua bihar jokatuko du, La Cartujan, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Itzulerakoa aldiz maiatzaren 26an Landaren. Sevillara gaur iritsiko dira hegazkinean eta taldearen helburua itzulerarako lasaitasuna emango dion emaitza lortzea da.
Aurkaria aski ezaguna da hernaniarrentzat. Askotan jokatu dute bata bestearen aurka eta azken denboraldietan helburu berdinetan ibiltzen dira murgilduak. Pasa den urtean galdu zuten maila sevillarrek eta goreneko mailara itzuli nahi dute ahalik eta azkarren. Hori lortzeko Hernani gainditu beharko dute.
Bi taldeek harrobia zaintzen dute eta hori izaten da bi kluben euskarri. Hernanik atseden gehiago izan du denboraldia amaitu zenetik eta Cienciasek aldiz, pasa den astean Ohorezko Maila Bko finala galdu zuen Burgosen aurka. Sei partidu jokatu behar izan ditu aurretik eta horietako lau oso gogorrak izan dira; bi Les Abellesen kontra eta beste bi Burgos kontrario zela.
Talde indartsua da eta erritmo azkarrean hasten ditu norgehiagokak, baina nekea ere iristen omen zaio eta hori izan zen gakoetako bat finala galtzeko. Hernani andaluziarrak nekatzen saiatuko da eta promozioa La Cartujan erabakia uzten badu hobe zalego hernaniarrarentzat. Polidori entrenatzaileak jokalari ia gehienak izango ditu prest.