Asteburua festa giroan murgilduta pasako dute Florida-Etxeberri auzoan, gaur hasiko baitira Mendekoste Jaiak.
Arratsaldeko 18:00etan botako da txupinazoa. Aurten, igandeko sagardo dastaketan boluntario lanetan aritzen den koadrilak izango du ohore hori.
Gero, 18:30etan, buruhaundiak aterako dira, eta 19:00etan haurrentzako puzgarriak izango dira.
Gaueko 23:00etan lehertuko da festa hala ere; helduen danborrada aterako baita auzoko kaleak girotzera.
Igandera arte, etenik ez
Festak asteburuan izango du segida. Bihar, 11:00etan haurrentzako tailerrak izango dira, eta 11:30etan, jubilatuentzako jolasak eta luntxa.
Eguerdiko 12:00etan, berriz, apar festa izango da, eta ondoren, patata-tortilla txapelketa eta paella-jate herrikoia.
Mus txapelketa, kirol jolasak, txokolate-jana, bingoa eta beste hamaika ekitaldi ere izango dira, eta igandean ere segiko du festak; besteak beste, Alejandro Sanchez Gil omenduko dute.
Emakumeek bazkaria, 26an
Bestalde, Floridako emakumeen bazkaria egingo da maiatzaren 26an; bi urtean behin egiten dutena. Izena emateko telefonoz deitu behar da: 672 158 022 eta 666 376 807.