Ingurumena oinarri hartuta, hondakinen gaia aztertu dute aurten, Hernaniko Lehen Hezkuntza, DBH eta Lanbide Heziketako ikasleek, Artelatzeko hezitzaileen eskutik. Eta orain, emaitzak azaleratzera datoz.
Batetik, gaur hasi eta maiatzaren 24ra arte, erakusketa jarriko dute Biterin, Lehen Hezkuntzako hiru mailetako ikasleek egindako lanekin. Arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara egongo dira ikusgai, astegunetan. Maila bakoitzeko ikasleek, gai bati buruzko lanak egin dituzte: LH4 mailakoek, hondakinak; LH5ekoek, landaretza; eta LH6koek, ura.
Eta bestetik, Eskola Agenda 21 programan landutakoa aurkeztuko dute bihar, Hernaniko udaletxean. Goizeko 10:00etan izango da, eta aditzera emango dituzte, proiektuaren emaitzak, eta zenbait proposamen egingo dituzte, ikasleek.
3.000 ikasle inguru, lanean
Hondakinen gaia jorratu dute aurten, eta 3.000 ikasle inguru aritu dira lanean, Elizatxo, Langile, Urumea, Inmakulada, Hernani Institutua eta Lanbide Heziketakoek: nola sortu hondakin gutxiago, eta nola kudeatu hobeto sortzen ditugun horiek.
Ikasturtearen aurreneko hiruhilekoan, arazoaz jabetu ziren ikasleak, eta ikastetxeko diagnostikoa egin zuten: hondakinen gaia lantzen ote duten ikasgai bezala, eta nola hobetu ditzaketen, bertan sortzen dituzten hondakinak. Bigarren hiruhilekoan, aldiz, herria bera aztertu zuten, behaketa eginez eta etxean zein kalean galdetegiak eginez, arazoak antzeman eta zerrendatzeko. Eta hirugarrenean, foro bat egin zuten, ikastetxe ezberdinetako ikasle ordezkariek, egindako lana bateratzeko. Bertan adostu zituzten, bihar udaletxean egingo dituzten proposamenak.
22 proposamen, aurrekontu partehartzaileetan sartzeko
Lau multzotan sailkatu dituzte proposamen horiek: sentsibilizazio kanpainak; zintzilikatzekoen inguruko proposamenak; kale garbitasunari eta zabor-ontziei buruzkoak; eta bestelakoak. Guztira, 22 proposamen egingo dituzte.
Horiek guztiak, aurrekontu partehartzaileetan sartuko dituzte, Hernani Erabaki prozesuan; eta herritarrek aukera izango dute, bozkatzeko.