Tilosetako frontoian azaldu diren pintadak kondenatu nahi izan ditu Hernaniko PSE-EEk, prentsa ohar bidez: «Maite Pagazaurtundua eta Consuelo Ordoñez ETAko biktimen kontrako pintada iraingarriak dira, eta PSOEren eta PSE-EEko Patxi Lopez, Idoia Mendia, Rodolfo Ares eta Denis Itxasoren kontrako dianak; haientzat gure elkartasuna eta babesa. Onartezina da, oraindik jendea egotea mehatxua, iraina eta erasoa erabiltzen jarraitu nahi duena. Orain, ETA disolbatu denean, beharrezkoa da biolentzia eta terrorismoa deslegitimatzeko lan egitea».
Era berean, Luis Intxauspe alkateari eskatu dio, frontoiko pintadak borratu dituen bezala, borratzeko «Kaxkoko kaleetan agertu diren beste guztiak ere, non irakurri daitekeen Eskerrik asko ETA. Guztiak dira lotsagarriak», kritikatu du.
«Pintadak egiten eta bidean harriak jartzen jarraituta ere, elkarbizitzaren alde lanean segiko dugu, ziur gaudelako balioak berreskuratu eta pedagogia demokratikoa egitea beharrezkoa dela, horrelako mezuak ezabatzeko».
Azkenik, dei egin du elkarlanean aritzeko, garai berri baten alde: «arrazoiaren garaia, ez indarrarena; bakearen kulturarena, ez indarkeriarena; terrorismoaren biktima guztien duintasunaren garaia».