Gure geroa gobernatzeko izenarekin, hitzaldi zikloa antolatu du EH Bilduk, Euskal Herrian barrena; eta Hernanin, gaur egongo da Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Arratsaldeko 19:00etan hasita, solasaldia eskainiko du, eta bertan azalduko du, alderdiaren eskaintza politikoa: «une politiko berezia eta bizia bizitzen ari da Euskal Herria, eta ireki diren katebegiei erantzuna emango die Otegik», aurreratu du EH Bilduk.
Arreta berezia jarriko dio, «Espainiako estatuak bizi duen inboluzio sakonari, eta herri honetan eman beharreko erantzunari». Eta gogoan izango ditu, «Kataluniako egoera, pentsiodunen borroka, mugimendu feministak kaleak astindu izana...». Bertaratuek, aukera izango dute galderak egin eta zalantzak plazaratzeko.
Ekitaldia Bilbon, etzi
Bestalde, larunbaterako, «ekitaldi jendetsua» deitu du Ezker Abertzaleak, Bilboko Miribillan. Arratsaldeko 17:30etan izango da, ETAk iragarritako amaieraren bueltan: «aro berri bat ireki da, eta denon egitekoa da bultzada indartsu bat ematea».
Bertara joateko, autobusak jarriko dituzte Hernanitik; eta izena emateko, zerrenda jarrita dago, Garin tabernan.