Omenaldia Hernanin, 80ko hamarkadako Euskal Selekzioari

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 16a, 02:00

30 urte bete ditu eskubaloiko Euskal Selekzioak, eta horregatik, ospakizun berezia egin zuten larunbatean, Hernaniko kiroldegian. Bertan, omenaldia egin zieten, 80ko hamarkadaren bukaeran selekzioan aritu ziren jokalari, entrenatzaile edota laguntzaileei: «garai hartan eskubaloiak indar haundia izan zuen Her­nanin, eta selekzioan aritu ziren Hernani Eskubaloi Taldeko jokalari ugari», azaldu dute. Omenaldiarekin batera, partidu polita jokatu zuten Euskal Selekzioko beteranoek, Ereintza konbinatuaren kontra; 14-20 nagusitu ziren gazteenak, beraien fisikoa nabarmenduz, baina detaile tekniko politak erakutsi zituzten beteranoek, «neskek bereziki, albotik jaurtiketa azkar eta trebeekin sartutako hiru edo lau golekin». Gainerakoan, giro ederra izan zen kiroldegian, jokalari eta ikusleen artean: «Hernani Eskubaloi Taldeko neska-mutilek, badute nora begiratu erreferente bikainak aurkitzeko!», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!