Astigarragako Gure Esku Dagok Festa egingo du etzi, 19:00etan hasita, Joseba Barandiaran plazan. Bertan eman ahal izango da izena, ekainaren 10eko Giza Katerako, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituena: Eman eskua etorkizunari lelopean. 100.000 pertsonatik gora bildu nahi dira.
Duela hiru aste hasi ziren gaia zabaltzen Astigarragan eta izena emateko mahaiak jartzen. Giza Katean 1,5 kilometroko zatia osatzea da helburua, elkarri eskutik helduta, Aginaga inguruan.
Eskuak eta zapiak, kilometro eta erdi lotzeko erabiliko dira eta 600 astigartar inguruk joan behar dute.
Etziko festarekin ekimena plazara eraman nahi dute
Aurretik, etzi ekimena plazara eraman nahi da. Bertan, giza Katearen berri emango dute, bideoa ikusi, zer den azaldu, izena nola eman, Astigarragak eskuz esku zein zati osatu behar duen…
Mahaia jarriko dute izena emateko, zapiak erosteko, autobuseko txartela erosteko. Eta hori guztia festa giroan. Bertsolariak izango dira, musika.
Eta mokadutxoa ere izango da: sardina erreak eta sagardo upelen bat. Astigartar guztiak gonbidatuta daude.