2017ko ekitaldia itxi eta likidazioaren berri eman zuen Udal gobernuak apirileko plenoan; hura positiboa izan dela adierazi zuten (4.449.706 euro). «Urte berezia izan zen, aurreikusitako diru-sarrerak gehiago izan ziren, ez-ohikoak direnak, eta gastuak ere gutxitu egin ziren», onartu du Isa Sanchez Ogasun zinegotziak.
Luis Intxauspe alkatearekin batera, gerakinarekin egingo diren inbertsio eta gastuen berri eman zuen atzo prentsaurrean; arratsaldean, aldiz, beste udal ordezkariei jakinarazi zizkieten Ogasun batzordean.
Azpiegitura eta zerbitzuak egokitzea, helburu
Nahiz eta likidazioa ia 4,5 milioi eurokoa izan, zertxobait altuagoa izango da gerakin erabilgarria, 4.877.747 eurokoa, hain zuzen: «Kupoarekin zegoen desadostasuna zela-eta, diru kopuru bat gordetzea eskatu zigun Foru Aldundiak, eta orain, erabilgarri dagoela adierazi digute», azaldu zuten Sanchez eta Intxauspek.
Hortaz, 4,8 milioi euro gehituko dira 2018ko udal aurrekontuan: «aurreikusita dauden inbertsioak eta diru-partida batzuk indartu ditugu; beste proiektu eta inbertsio batzuk, ordea, berriak dira».
Udal gobernuko kideek diotenez, «Hernani haunditzen ari da; azkeneko urteetan biztanle gehiago ditugu, eta auzo batzuk zabaltzen ari dira». Hortaz, testuinguru berrira egokitzeko beharra hartuko dute kontuan gerakina bideratzerakoan: «udalak eskaintzen dituen zerbitzuak eta azpiegiturak ere egokituko ditugu, haundituko ditugu, alegia».
Udalak eskaintzen dituen zerbitzu eta azpiegiturak «egokitu» egingo dira.
Kultura arloa, inbertsio iturri
Hain zuzen, kultura arloa izango da onuradun nagusietako bat; denera, 1.720.000 euro aurreikusten dituzte kultur sorkuntza eta herri mugimenduak bultzatzeko. Alde batetik, Ave Maria etxea sorkuntza-gune bilakatzeko aukera aztertuko da (800.000 euro), Bizi Kultura Hernanin hausnarketa-prozesuan kultur sorkuntza baten beharra ondorioztatu delako. Bestetik, Sandiusterri eraberrituko da musika eta dantzaren gune izan dadin, baita Milagrosa kapera ere.
Auzoetarako, eta parke eta plazak eraberritzeko ere bideratuko da kopuru bat: Etxeberriren urbanizaziorako, herri bideak konpontzeko, Atsegindegiko itxitura eta akustika hobetzeko, eta baita Elorrabiko zubia egiteko ere (uztailean hasiko dira obrak).
Diru-laguntzak eta besteak, jarraitzeko
Horietan bakarrik ez du eragingo txertaketak; herritarrentzat edo taldeentzat diren diru-laguntza berriak sortu edo indartu egingo dira, baita udal eraikinak hobetu ere. Beste inbertsio txikiak ere egingo dira: pantaila informatiboak, aplikazio bat, turismo ekintzak, etab.
KULTUR SORKUNTZA ETA HERRI MUGIMENDUAK
- Ave Maria etxea, sorkuntza-etxea: 800.000 euro.
- Sandiusterri, musika eta dantzarako gunea: 500.000 euro.
- Milagrosa kapera: +70.000 euro.
- Kulturarteko Plaza Feminista: +450.000 euro.
AUZOAK, PLAZAK ETA PARKEAK
- Etxeberriko urbanizazioa: +660.000 euro.
- Herri bideak Osiñaga eta Martindegin, eta Ereñotzun: 360.000 euro.
- Portu-Elizatxo Mugikortasun Plana (1.fasea): +35.000 euro.
- Hiribusaren geltokietan markesinak: 30.000 euro.
- Atsegindegiko itxitura eta akustika hobetzea: +367.000 euro.
- Sagastialde parkea: +40.000 euro.
-Elorrabiko zubia: +22.000 euro.
DIRU-LAGUNTZAK
- Pobrezian dauden adinekoentzat: 60.000 euro.
- Egoera zailean dauden pertsonentzako mikrokredituak: 25.000 euro.
- Ekintzaileentzat mikrokredituak: 30.000 euroko funtsa.
- Kirol elkarteak eta kirol ekintzak: +20.000 euro.
- Etxebizitzen irisgarritasuna hobetzeko (ez bakarrik igogailua jartzeko): +60.000 euro.
- Herriko merkataritza plana eta ekintzak: +30.000 euro.
UDAL ERAIKINAK ETA ETXEBIZITZAK
- Kiroldegian hobekuntzak egiteko: 350.000 euro.
- Udaletxeko eta Biteriko leihoak eta isolamendua: 220.000 euro.
- Elizatxo Ikastolako argiteria: 30.000 euro.
- Udal etxebizitzetarako: 250.000 euro, Iturmendin hiru egin eta alokatzeko; 40.000 euro, Antziolakoei leihoak aldatzeko.
INGURUMENA
- Bio Ongarri proiektua: 31.000 euro.
OHARRA: + ikurra agertzen denean, partidari dirua gehituko zaiola esan nahi du.