Berria Txapelketatik kanpo, Herriartekoari begira

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 15a, 02:00

Bazekiten hernaniarrek, kan­poraketa zaila zeukatela igandean, Berria Txapelketako fi­nal zortzirenetan. Eta hala izan zen: kadete eta jubenil mailako partiduak irabazita, nagusi izan zen Zeanuriko Joko Alai taldea (1-2).

Kadete mailako partiduan, Erkiaga II eta Emaldi bizkaitarrak gehiago izan ziren, Uitzi eta Oiartzabalen kontra (8-22), aurreneko partiduan. Eta biga­rrena izan zen klabea, jubenil mailakoa. Xabier Salaberriak eta Ekaitz Insaustik jokatu zu­ten, Urigoitia eta Erkiagaren kontra; eta Zeanuriko bikotea faborito izanda ere, oso estu hartu zituzten hernaniarrek. 13-16 izan ziren atzetik markagailuan, ia bukaeraraino irabazteko aukera mantenduz; baina Erkiagak bere maila erakutsi zuen azkenean, eta 14-22 nagusitu ziren. 

Bigarren puntu horrekin, final laurdenetara pasea ziurtatu zuten bizkaitarrek. Beraz, ez zegoen ezer jokoan, nagusien partiduan; baina behin­tzat, puntu bat lortu zuten Paul Ojuelek eta Eneko Aizpi­tar­tek, 22-11 ira­bazita, Zeanu­riko Men­dia eta Beo­bideri.

Herriartekoa, igandean
«Galduta ere, prestaketa ona izango da Herriartekorako», zio­en Rufino Rekaldek, taldeko arduradunak, kanporaketaren aurretik. Eta hain justu, horri begira jarriko dira orain: igandean hasiko dute Herriar­teko Txapelketa, Altzoren kontra, final zortzirenetan. Goize­ko 11:00etan izango da, Altzon.

Rekaldek aurreratu zuenez, Unax Uitzi eta Mikel Lasa ariko dira kadeteetan; Xabier Salaberria eta Ekaitz Insausti jubeniletan; eta nagusietan, bosten artean bi: Ioritz Arrieta, Ojuel, Aitor Gorrotxategi, Mar­kel Lizeaga eta Aizpitarte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!