Lorategi bat Urbieta kalean, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 15a, 02:00

Bosgarrenez egingo dute aur­ten, Hernanin, Lore eta Lan­da­re Azoka berezia. Larunbatean izango da, Urbieta kalean; goi­zeko 10:00etan hasi, eta eguer­diko 14:30ak arte.

Helburua da, «lore eta lan­dare dendak kalera atera, bes­te espazio bat hartu, eta beze­roe­kin harreman zuzena izatea». Hala jakinarazi zuten atzo, azokaren aurkezpenean, Luis Intxauspe alkateak, Gurutze Ami­gorena turismo teknika­ri­ak, Ainhoa Amundarain Behe­mendiko ordezkariak eta deKo­loreko Juan­txo Pollacinok.

16 postu, mota guztietako lore eta landareekin
Guztira, 16 postu jarriko dituz­te azokan, Euskal Herri osotik etorritako saltzaile eta artisau­ekin: Hernaniko Karabeleko eta Mendilore, Astigarragako Loraldi, Lasarteko Semillas Ecológicas, Donostiako Lore Prentsatua, Usurbilgo Urtinea, eta Oiartzungo Zunoyar Lora­te­gia eta Islaya, Gipuzkoatik; Nafarroatik etorriko dira Vive­ros el Montañés, Aritzku­rengo Tienduka, Flores Ganchillo, Sojo Natura eta Alfareria Na­ha­­rro; eta Bizkaiatik, Ortu­be­rri, Oiaralda eta Tissus Artisautza.

Lore eta landare postuak izango dira gehienak: landare aromatikoak, kaktusak, ga­rai­koak, barrurako zein kan­po­ra­ko lore eta landareak... Baina izango dira bestelako postuak ere: lore prentsatuarekin egin­dako koadroak, kosmetika naturala, buztinez egindako lorontziak eta irudiak, lore lehorrekin egindako pitxiak...

Postuez gain, bi tailer ere egingo dituzte haurrentzat, Urbieta kalean bertan. Batetik, lore prentsa­tu­arekin orri-markatzaileak egingo dituzte; eta bestetik, egurrarekin ere ariko dira la­nean, eskulanak egiten. Goizeko 11:30ak aldera hasiko dira biak.

Amundarainek nabarmen­du zuen, «garrantzitsua» dela lore eta landare saltzaileek «horrelako plaza bat izatea», eta Pollacinok ezinbestekotzat jo zuen, azoka bereziak anto­la­tzen jarraitzea. Intxauspek, azkenik, azoka hau antolatzen egiten duten lana eskertu zien Behe­mendiri eta deKoloreri; eta herritarrak animatu zitu­en, azokara gerturatzera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!