Erantzun egin dio EAJ-PNVk, EH Bilduk hainbat komunikabidetan argitaratutakoari, eta «gezurra» esan duela dio.
Igerileku txikia, beroago
EAJko bozeramaile Andoni Amonarraizen esanetan, «EH Bildu gezurretan (EHAAko 8-5-2003, 7869 eta 7870 orriak) ari da. Eusko Jaurlaritzak baimentzen du igerileku txikiak 30 gradutan baino gehiagoan egotea, uraren osasun neurriekin betez gero. Ikastaroetan parte hartzen ari ziren haurtxoen 125 gurasok eskatu zuten».
Bestalde, diru publikoa zuzen inbertitu izana ere zalantzan jarri du alderdiak, eta oraindik dudak dauzkatela azaldu dute, «EAJren eskariz grabatutako urbanismo batzordean azalpenak ematen saiatu baziren ere, udaletxeak kontratatutako obra zuzendaritzaren aurrean».
Horren aurrean, apirileko plenoan eskatu zuten «lanerako mahaia sortzea, honela osatua: teknikoki, kontratazio eta urbanismo-obra publikoetako arduradunarekin, eta politikoki, alkatearekin eta oposiziko alderdi bakoitzeko ordezkari banarekin». Baina Amonarraizek dio bilera oraindik ez dela egin, «alkate jauna bi asterako bidaiatik itzuli zain gaudelako, data jartzeko».
Azkenik, dio zutabe bat proiektuan zehaztutakoa baino meheago batekin ordezkatu dela, edota ozonoa jartzeko «proiektuan aurreikusita ez zeuden 68.000 euro gastatu direla, legeak ezarritako ur kalitate neurriak lortzeko», eta beraz, «adi» egon beharko dutela, aurrerantzean ere.