«Izugarria da zein baliabide gutxirekin, egiten duten hain lan garrantzitsua eta potoloa». AlgaraKlown ospitaleko pailazoen kolektiboaz ari dira, Deustuko Unibertsitateko lau ikasle: Andrea Isasa hernaniarra, Lide Serrano urnietarra, Aloña Lertxundi tolosarra, eta Maria Irulegi legorretarra. Eta hain justu, ospitaleko pailazoei laguntzeko, ekintza berezia antolatu dute bihar, Hernanin: Algara Festa, 12:00etan Biterin.
«Helburua da, egiten duten lana ikusaraztea, aitortzea eta balioan jartzea. Donostiako ospitalean daudenen estantzia errazagoa eta atseginagoa egiten dute. Baina bakarrik konturatzen gara beraien beharraz, egoera horretan gaudenean», diote lau ikasleek.
Biharko emanaldia, proiektu haundiago baten parte da: «Zuzenbidea eta Komunikazioa gradu bikoitzeko ikasleak, eta Komunikazioko gradukoak, proiektu hori ari gara lantzen publizitateko ikasgaian. Bakoitzak bere ekintza antolatu du, baina helburu komun batekin, ospitaleko pailazoen lana ikusaraztea; eta bereizgarri berdinekin, sudur gorria eta algara. Izan ere, sudur gorria da beraien bereizgarria. Eta klasean egon ziren egun batean, esan ziguten ez zutela nahi ekintzetan biktimizaziorik egitea, baizik eta beti algarari eta zoriontasunari eustea. Beraien esentzia hori dela. Ez dute pena eman nahi; egoera txar bati, ospitalean egoteari, alde ona bilatu nahi diote. Eta guk ere, horretara jotzea nahi zuten».
Herritarrei, algarara batzeko deia
Pailazoen lana Gipuzkoa osora zabaldu nahian, talde bakoitzak ekintza bana antolatu du: «batzuek flashmob bat egin dute, beste batzuek Hondarribian pintxopote bat... Eta bi taldek, lortu dute Realeko eta Eibarreko futbol taldeekin harremanetan jarri, eta jokalariak sudur gorriekin azaltzea», diote.
Eta Hernanin, haurrentzako festa bat antolatu dute: «haurrekin eta algararekin egiten dute lan, eta zentzu horretan egin nahi izan dugu guk ere, festa hau. Eta herritarrei, batzeko eskaera egin nahi diegu; horixe da emanaldiaren lema, Batu algarara!». Bertan, ospitaleko pailazoen aurkezpena egingo dute aurrena: «azalduko dugu zein diren beraiek, zein den haien lana, zergatik den hain garrantzitsua, zergatik dauden bihar Biterin pailazo emanaldi horretan; eta gero, gozatu dezatela emanaldiaz». Antxo eta Pantxa pailazoek eskainiko dute hori: «Bizkaiatik etorriko dira, eta modu solidarioan egingo dute. Esan genien trukean ezin geniela ezer eman, eta hasieratik eman ziguten baiezkoa. Gainera, beraiek ere jendea ekarriko dute handik».
Saioaz gozatzeko, 2 euroan jarri dituzte sarrerak: «sinbolikoa izango da, eta biltzen den dirua, AlgaraKlownentzat izango da. Izan ere, beraiek boluntarioki egiten dute lana, baina materiala ere erosi behar dute, eta oso oso gutxi dira gainera. Beraz, 2 euro horiekin lagundu dezakegun apurra, ongietorria izango da. Herritarrek elkartasuna adierazteko modu bat izango da».
Emanaldiak berak ere, izango du loturarik gaiarekin: Amamaren ganbara izenarekin, saioan goraipatu nahi dute amonek egiten duten lana bilobak zaintzen; sartzen dituzten orduak eta jartzen duten kariñoa.
«15 urterekin minbizia izan zuen mutil batek, kontatu digu momentu txarretan ere, poztasuna bilatu daitekeela; eta bide horretan dagoela AlgaraKlown. Prozesu ilun horretan, pailazoek eskua ematen dizute, argia ikusten laguntzeko»
@AlgaraFesta eta #AlgaraGara, zabalkundea sare sozialetan
Algara Festa antolatzearekin batera, bideo bat ere grabatu dute, zabalkundea emateko. Horretan, jaso dituzte ospitalean AlgaraKlownen «argia» jaso zuten zenbait gaztetxoren testigantza: «adibidez, badago Legorretako mutil bat, 15 urterekin minbizia izan zuena. Esperientzia horri buruz hitz egin digu, baina gauza onekin geratuz. Momentu txarretan ere, poztasuna bilatu daitekeela; eta bide horretan dagoela AlgaraKlown. Prozesu ilun horretan, pailazoek eskua ematen dizute, argia ikusten laguntzeko. Denok dakigu ospitalean egotea ez dela polita, baina erakutsi nahi dute, posible dela estantzia hori atseginagoa izatea», nabarmendu dute.
Eta bideoak bakarrik ez, argazkiak ere egin dituzte, Hernaniko herritarrekin eta taldeekin, elkartasuna erakusteko eta algarara batzea eskatzeko: Mikel Amondarain («berak egin digu Algara Festako kartela!»), Ttarla Dantza Taldea, Hernani Errugbi Elkartea, CD Hernani... @AlgaraFesta twitter kontuan zabaldu dituzte, #AlgaraGara hashtag edo traolarekin: «jende askok lagundu digu honetan, AlgaraKlown eta gure proiektua ikusgarri egiten, eta izugarri eskertzen diegu. Oso harrera ona izan dugu, eta ikusi dugu elkartasuna badagoela», azpimarratu dute lauek.
«Lortu nahi dugu, gutxienez, AlgaraKlown esatean jendeak ez jartzea harridura aurpegia»
Traola hori bera, ari dira erabiltzen proiektuko ekintza guztietan: «ahal den neurrian, Gipuzkoako toki guztietara iritsi nahi dugu; eta horrekin batera, baita aportazio ekonomiko bat egitea ere, haientzat. Nahi dugu, gutxienez, AlgaraKlown esatean jendeak ez jartzea harridura aurpegia».
Ospitaleko pailazoei laguntzeko, beste modurik ere badago: «webgunea daukate beraiek, www.algaraklown.org, eta badago aukera donazioak egiteko edo materiala emateko. Sudur gorriak eta kamixetak ere badauzkate salgai. Eta beste edozertarako, pailazo bezala aritzeko edota beraien komunikazioa eramateko, edozer dela ere, beraiekin harremanetan jartzea oso erraza da. Oso irekiak eta atseginak dira, eta oso esker onekoak».
Gipuzkoa osora zabaldu nahi dute AlgaraKlownen inguruko ezagutza, baina Bilbora ere iritsiko da: «talde bakoitzak gauzatutako ekintza, klasean aurkeztuko du gero; eta irizpide batzuen arabera, irabazle bat aukeratuko dute, Acorde Saria jasoko duena. Saria izango da, Bilbon egingo den El Sol jaialdira joan eta bertan aurkeztea; Komunikazio Publizitarioaren Jaialdi Iberoamerikarrean, alegia. Beraz, Bilbon ere emango dugu AlgaraKlownen berri. Hori ere inzentibo bat da».