Urtebete baino gehiago pasa da dagoeneko Astigarragako Udalak edukiontzien sistema ezartzen hasi zenetik -2017ko uztailaren 7an osatu zuten ezarpena-, eta orain, dei berezia egin du Udalak «edukiontzietatik kanpo hondakinak ez uzteko». Ez da, ordea, deialdia egiten duen aurreneko aldia: «oraingo honetan deia egiten dugu azken asteotan edukiontzien guneetan agertutako isurketa eta poltsak direla eta».
Izan ere, azaldu dutenez, «nahiz eta edukiontziak egoki erabiltzeko bilakaera ona izan den, oraindik puntu gatazkatsuak daude». Horien artean, bi nabarmendu dituzte: Kontxa Etxeberria plaza eta Ergobiako zubia. Udalak dio horiek konpontzeko lanean ari dela.
Konponbide bila
Esan bezala, gune gatazkatsuenak bi dira, Ergobiako zubia eta Kontxa Etxeberria plaza. Aurrenekoan, «badirudi arazoa dela herritik kanpoko jendeak bertan uzten dituela hondakinak», Udalak azaldu duenez. Bigarrenean, aldiz, «bilketa indartu egingo da, eta beste gune bat jarriko da Urumea kalean». Gainera, bigarren kasu honetan: «bereziki eskatu zaie bertako biztanleei beren jokaera hobetzeko».
Eta orokorrean, Udalak gogorarazi du: «denon erantzukizuna da herria garbi mantentzean eta horretarako hondakinak modu egokian sailkatzea ezinbestekoa da, poltsa egokietan eta dagokion edukiontzietan botaz, bilketa-egutegia errespetatuz».