«Etorkizuneko erabakitzeko eskubidea gaur erein behar da»

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 12a, 02:00

Ekainaren 10erako Giza Katea antolatu du Gure Esku Dagok Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituena: Eman eskua etorkizunari. Motorrak berotu eta ekimena herrian aurkezteko, festa izango da datorren ostiralean, Joseba Barandiaran plazan, 19:00etan hasita.

Festa egingo duzue hurrengo ostiralean. Nolatan?
Ekainaren 10eko Giza Katea zer den azaldu nahi dugu eta astigartarrei dei egin parte hartzeko, festa giroan. Ekainaren 10e­an Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditugu eskuz esku. 100.000 pertsonatik gorako mo­bilizazio haundi bezain polita izango da. Duela bi aste hasi ginen gaia zabaltzen eta izena emateko mahaiak jartzen. Os­ti­raleko festarekin ekimena pla­zara eraman nahi dugu.

Zer aurkituko du herritarrak festa horretan?
Batetik, Giza Katearen berri emango dugu, bideoa ikusi, zer den azaldu, izena nola eman, Astigarragak eskuz esku zein zati osatu behar duen… Mahaia jarriko dugu izena ema­teko, zapiak erosteko, au­to­buseko txartela erosteko. Eta hori guztia festa giroan. Ber­tsolariak izango dira, musika. Eta mokadutxoa ere izango da: sardina erreak eta sagardo upelen bat. Astigartar guztiak gonbidatuta zaudete.

Ekainaren 10a daukazue buruan; Giza Katean izango da, baita ere, Astigarraga. Zein da astigartarren erronka? 
Astigarraga Giza Katera joango ez da, ba! Hori da gure erronka, ekainaren 10eko Giza Katean 1,5 kilometroko zatia osatzea, elkarri eskutik helduta, Agina­ga inguruan. Eskuak eta za­piak, kilometro eta erdi lotzeko. 600 astigartar inguruk joan behar dugu. Eta lortuko dugu!

«Gure erronka da giza katean 1,5 kilometroko zatia osatzea, elkarri eskutik helduta»

Zergatik animatuko zenituzkete astigartarrak ekainaren 10eko Giza Katean parte hartzera?
Bada, hara... Batetik, etxean eserita geratuta jai dagoelako. Gu­re Esku Dagok 3 oinarri ditu: Bata, ‘Herri bat gara’; bigarrena, ‘Erabakitzeko es­kubidea du­gu’, eta hirugarrena, ‘herri­ta­­rron garaia da’. Giza katearen leloa da Eman eskua etorkizunari. Etorkizuneko erabakitzeko eskubidea gaur erein behar dugu. Giza Katearekin eta an­tzeko ekimenekin hiru oinarri horiek gehiago zabaldu nahi ditugu, alboan ditugun pertsonekiko begirunez eta era positiboan. Erabakitzeko eskubidea herri honetan bizi garen guztion topalekua izango delakoan ari gara. Eta, bestetik, herri bakoitzari zati bat egokitu zaio. Guri Aginagan, hernaniarren ondoan, eta ez litzateke oso polita gure zatia osatu ezinik hernaniarrei laguntza eskatu behar izatea, behar izanez gero gogo onez lagunduko liguketela jakin arren.

Nola eman daiteke izena?
Izena emateko mahaia jartzen ari gara ostegunetan (18:00etatik 20:00etara) eta igandetan 12:00etatik 14:00etara, Baran­diaran plazan eta Kontxa Etxe­berria plazan (txandaka). Osti­raleko festan ere mahaia jarriko dugu. Mahaira joan ezin duenak bidal diezagula mezu elektroniko bat gizakatea.astigarraga@gmail.com helbidera eta berehala harremanetan jarriko gara.
Izena emateko zapia erosi behar da eta autobuseko txartela. Autobusak antolatuko dira Aginagara joan eta itzultzeko. Autobusa erabili behar da, bestela, errepideetan trafiko arazo ikaragarriak sortuko direlako. Pentsa, 600 astigartar autoetan, 150 autotik gora…!

Zein dira Astigarragako Gure Esku Dagoren helburuak etorkizunera begira? Bigarren Giza Katea da hau, galdeketa ere egina dago…
Bai, bigarren Giza Katea, galdeketa… Batzuetan badirudi festarik festa gabiltzala, askorik aurreratu gabe. Baina, hara, ikusi zenbat herritan egin den galdeketa, zenbat pertsona joan den bozkatzera... Asko gara Gure Esku Dagoren oinarriekin bat egiten dugunok. Gizarte heldua gara eta erabaki egin nahi dugu. Oinarri hori oso indartsua da aurrera egiteko. Etorkizunean zer egin, bada gaia lantzen jarraitu, urrats txiki asko eginez, erabakitzeko eskubidearen ideia zabalduz… Biharko uzta gaur erein behar da.

Herritarren batek taldearekin bat egin nahi badu, zer egin behar du?
Gurekin harremanetan jarri, mahaira hurbilduta edo mezu elektronikoa bidalita. Astero ari gara elkartzen eta bada zer egin. Gustura hartuko dugu jendea: Gure Esku Dagoren oinarriekin eta dinamikarekin bat baldin bazatoz, etorri, ez zalantzarik izan!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!