Ttxotx denboraldia bukatzean eta horrez gain, bada Astigarragan ekintza bat azken urteotan kanpotarrak erakartzeko balio izan duen hein batean. Hori da, hain zuzen, Ilarraren Eguna.
Zazpigarren edizioa antolatu du Baratz Elkarteak Udalaren babesarekin. Datorren astean hasiko da, ostegunean, pintxo-potearekin. Eta hori aurkezteko, prentsaurrekoa eskaini zuten herenegun udaletxeko areto nagusian.
Bertan izan ziren Zorione Etxezarraga alkatea, Udalaren izenean; Charo Zapiain Roxario jatetxeko sukaldaria eta Baratz Elkarteko lehendakaria; Mikel Zendoia, Behemendiren izenean; Raoul Servert, Araudi Paisaiaren izenean; eta baita Gorbea eta Baratz elkarteko beste zenbait kide.
Ilarra herrian zela, «frogatuta»
Aurkezpenean, Zorione Etxezarraga alkateak jardunaldiaren hasierak gogorarazi zituen. 2012an burutu ziren aurreneko aldiz, Behemendi elkarteak proposatuta, eta Roxario jatetxeko Charo Zapiaini esker: «zuen lanari esker lortu duzue proiektua iraunkorra izatea; Udalaren konpromezua duzue hala izaten jarraitzeko».
Izan ere, ilarraren garrantzia aipatu zuen Etxezarragak: «indusketek frogatu dute Astigarraga betidanik egon dela lotuta ilarrarekin».
«Ilarra produktu txikia da, koloretsua, zaporetsua... baina zaila»
Charo Zapiain sukaldariak hartu zuen hitza ondoren. Astigarraga jateko toki aproposa izan da beti, bere ustez: «lehen, esaera batek zion ‘Astigarragan, jan; eta Donostian, lo’». Eta horretan, ilarrak garrantzia nabarmena izan du: «sukaldean, ilarra inportantzia bizikoa izan da. Produktu txikia da, koloretsua, zaporetsua... baina zaila!». Horregatik, «lanean» jarraitu behar dela argi dauka.
«Sukaldean, ilarra inportantziabizikoa izan da»
Txikitatik heztea, helburu
Lan horretan, astigartar gazteenei produktuen garrantzia helaraztea ezinbestekotzat jo dute, eta hala adierazi zuen Baratz Elkarteko kide batek: «gure helburua da txikitatik ikastea Astigarragan bertan ze barazki dagoen, tartean, ilarra».
Ekintzak, datorren astean
Hori guztia lantzeko, zazpigarren aldiz egingo dute Ilar Eguna ostegunetik igandera. Azoka bereziak emango dio bukaera, asteari.
VII. ILAR EGUNA
Maiatzaren 17tik 20ra
- Hilak 17, osteguna: Ilar pintxopotea, Astigarragako tabernetan eta ilar-pintxo onenaren lehiaketa.
- Hilak 19, larunbata: Baratzen bisita gidatua, 11:00etan udaletxeko kontzejupetik abiatuta. Ondoren, hazia eta landareari buruzko tailerra Hazieraren eskutik (Cristinaenea Fundazioko hazien artxiboa) kontzejupean bertan.
- Hilak 20, igandea: 09:30etan, Txistularien diana. 11:00etatik aurrera, Ilar Azoka Berezia Joseba Barandiaran plazan: ilar postuak, Luis Irizar eskolako hiru sukaldariek unean egindako ilar pintxoak dastatzeko aukera, Euskal Herri osoko produktuak salgai, haurrentzako zurezko jolas erraldoiak eta Idoia Lizeaga bitxi tailerra.