Partidu garrantzitsuak jokatu zituzten pilotari goizuetarrek, joan den asteburuan, Gasteizko Ogeta frontoian. GRAVNI txapelketa ezaguneko finala jokatu zuten Iker Salaberriak, 22 urtez azpikoetan, eta Antton Apezetxeak, gazteen mailan. Eta bigarrenak, Apezetxeak, lortu zuen txapela ekartzea. Unai Matarekin batera, 22-17 nagusitu zitzaion goizuetarra, Gipuzkoako bikoteari: Egiguren eta Elizegiri.
Salaberriak, berriz, galdu egin zuen final estua. Mariezkurrenarekin aritu zen, baina azkeneko tantoetan hartu zien aurrea, Errioxako bikoteak: Zabala eta Ruiz nagusitu ziren, 20-22.
Pilota Gozo txapelketa azkarrerako, izenematea
Goizuetan bertan, laster izanen dute zita berezia, esku pilotarekin. Hilaren 26an, larunbatarekin, jokatuko da Pilota Gozo txapelketa azkarra, Umore Ona elkarteak antolatuta. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da, Goizuetako frontoian.
Bertan parte hartu nahi duten bikoteek, dagoeneko zabalik daukate izena emateko epea. Herriko tabernetan eta Umore Ona elkartean egin daiteke, eta 10 euro dira.
Herritar guztiak eta inguruko herrietakoak animatu dituzte bertara, eta aurreratu dute, sari politak egongo direla, bikote onenentzat.