Aurreko asteburuan ospatu zituzten Txino auzoko fiestak, eta beste behin, umore ona eta giro ederra izan ziren nagusi. Baita eguraldiak lagundu ere!
Baina ez pentsa ezustekorik izan ez zenik... Sokatiran izan zen bat, galanta! Eta ez espero ez zen taldeak irabazi zuelako, enpatea izan zelako baizik! Izan ere, tiraka ari zirela, soka puskatu zen, eta hankaz gora joan ziren denak! Barre algarari eutsi ezinda bizitu zuten eszena herritarrek, baina izan zen mina hartu zuenik ere: puntuak jaso zituzten, zenbaitek.
Azkenean, anekdota batean geratu zen istripua, eta fiestez gozatu ahal izan zuten denek. Sokatiraren aurretik, izan ziren haur eta gaztetxoen krosa, eta txupinazoa, dragoi eta guzti. Eta gero, ederki gozatu zuten herri bazkariaz, Papo kubatarraren erritmoaz, eta Leirek eta Iratik eskainitako dantzaldiaz.
Vicente Callejon eta Josu Narbarte, musean txapeldun
Jaia aurreko egunean hasi zen, hala ere. Jexux Mari Irazu eta Agin Labururen bertsoen ondoren, mus txapelketa jokatu zuten, eta Vicente Callejon eta Josu Narbarte izan ziren txapeldun. Finalean, Aritz Loiarte eta Iban Eskuderori irabazi zieten.
Felix Loiarteren argazki guztiak, ikusgai hemen.