«ADMINISTRAZIO publikoan egiten diren obrek prozedura bat bete behar dute» dio Hernaniko Udal Gobernuak PSE EEren idatziari erantzunez; «edozein konponketak edo aktuaziok irizpide teknikoak eta ekonomikoak bete behar dituzte, herritarren segurtasuna bermatzeko eta enpresa desberdinei eskaintzak aurkezteko aukera emateko. Kontratazio publikoak ‘ziztu bizian’ egiteak legea urratzea ekar dezake».
Hori azalduta, Udalak jakinarazi nahi du Hernaniko PSE-EE udal taldeak aipatzen dituen hiru arazo horiek konpontzeko bidean daudela.
«Hernaniko Udaleko Zerbitzuetako Sailak eskatuta dauzka Orkolaga kalea eta Elkano kalea batzen dituen baranda konpontzeko aurrekontuak. Irizpide teknikoak eta ekonomikoak kontuan hartuta, aukerarik egokiena erabakitzen denean, kontratazioa bideratuko du Udalak».
Karabelgo haur parkeari dagokionez, «zoru osoa berritzeko proiektua lantzen ari dira Zerbitzuetako Saileko arduradunak eta auzo elkartekoei dagoeneko jakinarazi zaie».
Sorgintxulo eta Marieluts arteko parterreak ere Zerbitzuetako langileen jomugan daude Udalaren esanetan. «Teknikariak ari dira behin betiko konponbide baten bila, baina teknikoki egokiena den irtenbidea aurkitu arte, aldian behingo konponketak egiten dituzte udan langileek».