Telebistako plato bihurtuko dute Oialume dantzalekua ostiral honetatik aurrera. Arratsaldeko 19:30etatik 21:30etara bitarte egingo dira grabaketak, datozen bost ostiraletan: ostiral honetan (hilak 11), hilak 18, hilak 25, ekainak 1 eta 8.
‘Herri city’, ‘Herri txiki infernu handi’ saioaren oinordekoa
Hain zuzen, Euskal Telebistako Herri City programa berriaren barnealdeko saioa grabatuko dute Oialumen, Herri txiki infernu handi programaren oinordekoa izango dena.
Behin Euskal Herriko herri txiki gehienak ezagututa, hirietara egingo du salto lantaldeak.
Bost programa izango dira, eta dagoeneko grabatuta dauzkate hirietako bideoak. Orain, platoan egiten den zatia falta da, eta Oialume dantzalekua izango da horren lekuko: «Zuhaitz eta Pagadi bertan izango dira gidaritza lanetan, bideoei pasoa ematen, txiste batzuk botatzen...», azaldu dute.
Grabazioaz aparte, luntxa ere izango dela adierazi dute. Izenematea beharrezkoa da: herritxi@eitb.eus emailean edo 617 119 332 zenbakiko Whatsappean.