Erabaki Hernani parte-hartze prozesua martxan dago, bosgarren urtez. Aztiker kooperatiba herritarren proposamenak biltzen ari da, Udaleko 2019ko aurrekontuko 500.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko. Hilaren 16ra arteko epea daukate herritarrek proposamenak egiteko, auzoz auzokako bileretan, udal eraikinetan eta auzo elkarteetan jarri diren postontzietan edo interneten: erabaki.hernani.eus helbidean.
2014an egin zen aurreneko parte-hartze prozesua, eta orain arte egin diren lau prozesuetan, herritarrek egindako proposamenetatik 69 onartu dira, Aztikerrek emandako datuen arabera. Horietatik 40 egin dira, dagoeneko; beste 17 martxan daude eta 12 aztertzen ari dira.
Bi milioi eurotatik ia bat, etxebizitza eta hirigintzara
Urtero, 2014an 2015ari begira egindako prozesuarekin hasita, hurrengo urteko udal aurrekontuko 500.000 eurorekin zer egin erabakitzeko aukera eman zaie herritarrei, azken lau urteetan; guztira, 2 milioi euro, onartu diren 69 proposamenak gauzatzeko.
Proposamen horietatik 30 izan dira 10.000 euro baino gutxiago balio izan dutenak; 21, 10.000 eta 30.000 euro artean balio zutenak; 8, 30.000 eta 50.000 euro artean balio zutenak; 3, 50.000 eta 100.000 euro artekoak; 6, 100.000 eta 200.000 euro artekoak; eta bakarra, 200.000 eurotik gorako inbertsioa behar izan zuena (Tilosetako lurra konpondu eta hobetzea).
Zein proposamen mota onartu diren begiratuz gero, berriz, 2 milioi euro horietatik ia erdia, 928.140 euro, etxebizitza eta hirigintza arloetara bideratu dira: 373.100 euro, parkeetara; 367.000 euro, plazetara; 95.840 euro, zenbait gunetako irisgarritasuna hobetzera; 47.200 euro, herri mobiliariora; eta 35.000 euro, herri lanetara. Hernani «herri jasangarria» bihurtzeko proposamenak izan dira horiek guztiak, eta baita ere, bideratu direnak komunitatearen zerbitzuetara (398.990 euro), ingurugirora (124.000 euro), eta segurtasuna eta mugikortasunera (877.676 euro). Proposamen horietako batzuk izan dira, adibidez, herriko hainbat gune argiztatzea edo argiteria hobetzea, energia kontsumoa gutxitzeko isolamendua edo argiteria hobetzea, hainbat gunetan banku edo eserlekuak jartzea, hainbat gunetan oinezkoei lehentasuna ematea edota komun publiko gehiago jartzea.
Jarduera fisikoarekin lotutako proposamenak, bozkatuetan hirugarrenak
Orain arteko aurrekontu parte hartzaileetara bideratutako bi milioi eurotatik ia erdia etxebizitza eta hirigintzara begira egindako proposamenetarako erabili da, eta komunitatearen zerbitzuetara bideratutako proposamenek lortu dituzte boto gehien, ondoren.
Hirugarren postuan, berriz, jarduera fisikoa eta kirolera bideratutakoak daude: 338.500 euro bideratu dira arlo horretara; Landare eta Zubipen hainbat hobekuntza egitera, haur eta nerabeentzako kirol ikastaroak antolatzera edota helduentzako gimnasia egiteko makinak jartzera, adibidez.
Proposamenik ez, euskera, gazteria, hezkuntza eta tokiko garapenean
Azkenik, 71.900 euro bideratu dira kultura arloko proposamenetara; 25.000 euro, herritarren parte-hartzera; 20.000 euro, berdintasun alorrera; eta 2.500 euro, lankidetzara.
Aldiz, ez da proposamenik onartu tokiko garapena eta enplegua sustatzeko, gazteria alorrerako, hezkuntzarako edo euskerarako.
Datu horiek guztiak edonoren eskura dauzka Aztikerrek, erabaki.hernani.eus helbidean, eta Kronikak ere ikusgai jarri ditu webgunean.
Datorren urtera begira, berriz, herritarrek proposamenak egin ditzakete hil honen 16ra arte, eta 17an aurkeztuko dira, bildutakoak.
PROPOSAMENAK EGITEKO BILERAK
- Bihar, 19:00etan Karabelen.
- Ostegunean, 19:00etan Antziolan.
- Ostiralean, 20:00etan Latsunbe Berrin.
- Maiatzaren 14an, 19:00etan Kaxkoan.
- Maiatzaren 16an, 19:00etan Sorgintxulon.
PROPOSAMENAK EGITEKO BESTE MODUAK
- Udal eraikinetan (Biteri, udaletxea, kiroldegia, Goiz Eguzki, Institutua, Udal Euskaltegia, Plaza Feminista, Gabriel Zelaia eta Sandiusterri) eta auzo elkarteetan jarri diren postontzietan.
- Interneten: erabaki.hernani.eus.
- Proposamenak egiteko azken eguna, maiatzaren 16a.
PROPOSAMENEN AURKEZPENA
- Maiatzaren 17an, 19:00etan, udaletxean.