Haunditzen segiko du Orona kooperatibak. Hala erabaki zuten apirila bukaeran, Bazkideen Urteko Batzarrean bildutakoek. Era berean, 2017ko emaitzak aztertu zituzten.
Xabier Mutuberria, Oronako zuzendari nagusiak balantze positiboa egin zuen: «Oso balorazio positiboa egiten dugu 2017an erregistratutako emaitzen inguruan, baina aurtengo alderdirik garrantzitsuena da Orona posiziorik onenean kokatu izana munduko multinazional haundiekin lehiatzeko gai den operadore bakar bihurtzeko». Hain zuzen, Electra Vitoriarekin bat egiteak lagunduko du horretan.
Orona UE proiektua sendotzen
Oronak, 2006az geroztik, enpresa kopuru haundia lortu du, eta Europan presentzia haunditu eta sendotu du; Electra Vitoriarekin bat egitea onartu du orain. Mutuberriaren esanetan, «Orona UE proiektua funtsezkoa izango da berrikuntzaren eta enplegu sorreraren bidez Europako igogailugintza-enpresa nagusien artean finkatzeko. Electra Vitoriarekin onartutako bat egiteatik sortutako kooperatiba proiektu berritua funtsezko tresna izango da etorkizunari aurre egiteko, kooperatiba-balioen aldeko apustu eguneratutik».
Izan ere, «giza taldean eta prestatutako ekipoetan hazkundea izatea» espero du Oronak, azken urtean bezala: 2017an, besteak beste 705 milioi euro irabazi ditu salmentetatik, aurreko ekitaldian bainao %8,13 gehiago; fakturazio osoaren %58 lortu ditu nazioarteko merkatuan, iaz baino %6,81 gehiago; eta 4.982 langilerekin egin du lan, iaz baino %4,58 gehiagorekin.
Egun, Orona Europako eta Amerikako 11 herrialdetako 30 enpresak osatzen dute, eta hiriko mugikortasuneko soluzioak ematen ditu; igogailuak, eskailera mekanikoak, arrapalak edota korridoreak diseinatu, fabrikatu, instalatu eta mantentzen ditu.