Larunbatean aurkeztu zuten Sareko hainbat eragilek maiatzeko egitaraua, Buruntzaldeari begira antolatutakoa.
«Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen giza eskubideak defendatzeko» sortu zen Sare 2014an, eta helburu «bakarrarekin eta berberarekin» segitzen duela aldarrikatu zuen: «gatazkari irtenbidea bilatzea, eta gobernu espainolak zein frantsesak, mendekuan oinarritutako neurri politikoak indargabetzea».
Aktibazioa, giltza
Sareren eskaerak argiak dira: urruntze politikaren amaiera; larri gaixo dauden presoen kaleratzea; bizi osorako zigorren eta espetxealdi luzapenen bukaera; eta lehenengo graduaren ezarpenaren aldaketa.
Horrez gain, lanean ari da baita ere, «estatu indarkeriaren adierazpena» diren bestelako urraketak, «amorrutik eta mendekutik ezarritako baldintzak» aldatzeko; besteak beste, harreman intimoak izateko eskubidea, euskeraz aritzekoa, ikasketak trabarik gabe egitekoa edo emakumeek bizi dituzten urraketak.
Guztiaren aurrean, «euskal presoek bizi dituzten salbuespen baldintzak indargabetzeko denon aktibazioa beharrezkoa» dela azpimarratu zuten.
Ostiralean, Lasarte-Orian
Guztia oinarri, maiatzerako egitaraua prestatu du Sarek. Ostiralean hasiko da; Lasarte-Oriako Okendo plazan 19:00etan egingo den errezitaldi kulturalarekin. Larunbatean, berriz, Porrotxekin margoketa saioa egingo da Hernanin, 11:30etan Biterin, ikastetxeekin motxiladun haurren inguruan garatutako elkarlanari segika; motxila eta margoak eramateko eskatu da.
Bestalde, maiatzaren 20an Santa Barbaran presoen aldeko ekitaldia egingo da, eta Hernaniko plazatik bertara joateko 11:00etan jarri da zita; 10:30etan aterako dira Andoain, Urnieta, Lasarte-Oria eta Usurbildik.
Hilaren 4an, bestalde, Joseba Azkarragak hitzaldia emango du Urnietako Lekaio kultur etxean 19:00etan, eta aurrerago zehaztuko dituzten ekitaldiak izango dira Andoain eta Usurbilen ere.
«Sinetsita gaude konponbidea euskal herritarren parte hartze aktibotik soilik» etorriko dela, azaldu zuten.