Hernaniko PSE-EE Udal Taldeak Orkolagako eremuak «jasaten duen utzikeria salatu nahi du, hain justu Orkolaga kalea eta Elkano kalea batzen dituen baranda dago hondatuena kiroldegiaren parean. Horrexegatik eskatzen diogu Udal Gobernuari har ditzan neurriak eta egoera txarrean, zulatuta eta herdoilduta dagoen baranda berritu dezan».
Hernaniko PSE-EEren bozeramailea den Ricardo Crespok ez du zalantzarik eduki baranda «egoera terminalean» dagoela deskribatzeko, «urteetan inongo egokitzapen lanik egin gabe egon ondoren». Bere ustez, «ez da itsura kontua, kontuan hartu behar da arriskutsua izan daitekeela egoera horretan baranda egotea. Azkar konpondu behar da, edozein istripu gertatu baino lehen».
Crespok dioenez: «ikusirik zer egoera penagarrian dagoen soluzioa ez da konpontzea baizik eta zuzenean aldatu beharra dago».
Gainera bozeramaile sozialistak gogoratzen dio udaletxeari «bere egin beharra dela auzoetako egunerokotasunean suertatzen diren arazoei begiak eta konponbidea jartzea eta ez bakarrik proiektu haundiak datozenean. Konponketak ziztu bizian egin behar dira, beharrak sortzen diren heinean».
Baranda adibide bat omen da dio prentsa oharrak, baina ez bakarra; «Orkolagako aparkamentuan eta Karabelgo haur parkean dauden zuloak edo hilabeteak konpondu gabe dagoen Sorgintxulo eta Marieluts arteko parterreak kudeaketan puntu beltza bezela jartzen du herriko mantenua, eta horrek atsekabea sortarazten du herritarrengan».