Hernaniko Udal ordezkaritza bat Wukron egon da bi herrietako gazteriarekin lankidetza proiektuak lantzen. Etiopia iparraldeko herri honen eta Hernaniren arteko erlazio estua Angel Olaran misiolari hernaniarrak eraiki zuen duela 14 urte. Hernaniko Udalaren lehen bisita ofiziala 2013an izan zen. Bost urte pasa dira eta, bertako egitasmoak diruz laguntzeaz gain, Hernanin bertan sentsibilizazio ekintzak eta bi herrien arteko harremanak lantzeko zenbait proiektu ere sustatu ditu Udalak herritarrekin elkarlanean.
Oraingo bidaiaren helburua izan da proiektu horiek guztiak bisitatu, wukroarren bizimodua bertatik ezagutu eta, bereziki, gazteriarekin lotutako proiektu berriak lantzeko informazioa eta harremanak egitea. Apirilaren 28an iritsi ziren Etiopiara eta astebete eman dute bertan.
Olaranen proiektuak ezagutu eta bertako gazte mugimendu eta talde desberdinekin elkartu dira haien egoera eta beharrak ezagutzeko. Wukroko Udalarekin 2013an sinatutako hitzarmen hura ere eguneratu dute egungo alkateek.