Santiagomendi-Landarbaso Paisaiaren Ekintza Planaren barruan, beste pauso bat eman zuen astelehenean Astigarragako Udalak.
Orduan egin zuten Ekosistemen inguruko ikerketa-mintegia Kripta S.L eta EHUko Lurraldeon taldearen eskutik, eta bertan aurkeztu zuten beren lan berria: alde batetik, Ekosistemen Karakterizazioa, Inbentarioa eta Balorazioa dokumentua; eta bestetik, inbentarioari dagokion xehetasunezko kartografia.
Hain zuzen, bigarren hau elementu berritzaileena da, izan ere, inoiz egin den xeheena da, 1:1.000 eta 1:2.000 eskalan egina dago. Aurretik Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindakoak, aldiz, 1:25.000 eskala zuen. Horregatik guztiagatik, emaitzen fluxuetan laguntzeko, kartografia administrazioei eta ikerketa-taldeei igorriko zaie.
Denontzat ere, eskuragarri
Gainera, Astigarragako Udaletik bultzatutako proiektua izanik, herritarrentzat ere eskuragarri jarriko dutela adierazi zuen aurretik Zorione Etxezarraga alkateak: «herriko eraikuntza publikoetan eskuragarri jarriko dira haren kopiak».
Izan ere, 2015ean martxan jarri zenetik, «helburua izan da bizilagunek eta bisitariek hobeto ezagutzea ingurumen, kultura eta paisaiaren aldetik hain balio haundia duen inguru hau», azaldu zuen, eta horretarako, martxan jarriko dira proposatutako ekintzak.