Adierazpen instituzionala onartu du Goizuetako Udalak 2016ko uztailaren 7an gertatutako «bortxaketagatik» emandako sententziaren ingurukoa. Joan den asteazkenean egindako ez-ohiko Plenoan onartu zuten, batzarkide guztien adostasunarekin.
Horren arabera, Udalak eta herriak bere «babes, maitasun eta elkartasuna» adierazten die «biktimari eta bere senitarteko eta ingurukoei».
«Erabateko desadostasuna»
Horrez gain, sententziaren inguruan dio: «sententziak jasotzen duenarekin gure erabateko desadostasuna adierazten dugu, eta bereziki, jazotakoa sexu-abusu jarraitu gisa aitortu duelako».
Eta horregatik, Udalaren haserrea kaleratu nahi dute: «gure etsipen eta haserrea erakusten dugu sententzia horren aurrean, eta justizia eskatzen duen aldarriarekin bat egiten dugu».
Hori dela eta, «eraso matxistarik» onartzen ez duela berretsi du.
Konpromisoa, berretsita
Adierazpenean, bide batez, Udalak berretsi egin du «berdintasunaren alde lan egiteko konpromisoa», «mugimendu sozial, feminista eta, oro har, herritarrekin, eta bereziki, emakumeen eskubideen defentsan eta patriarkatuaren adierazpen ororen aurka».