«Anfibioak esker oneko espezieak dira, segituan ugaltzen dira horrelako putzuetan»

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 5a, 02:00

Gizakiak garai batean egindakoari buelta emateari ekin zioten duela bost bat ur­te, 2013a­ren bueltan, Aran­zadi Zien­tzia Elkarteko kideek, Uda­larekin, Auzo Udalarekin eta Txirrita Es­kolarekin batera, mikro­he­ze­guneak sortzeari ekin zioten.  Epeleko Zepadi izan zen aurreneko kokalekua, eta bertan izan zen Ion Garin, Aranzadiko Herpetologia saileko kidea. 

Harekin izan da Kronika, urte batzuk pasata: «aurreko mendean, mundu mailan pu­tzuak lehortzeko joera egon zen, gaixotasunak ekarri zitzaketenaren zantzua zegoelako; hain zuzen, moskitoak zeuden eta moskitoek gaitzak egiten zituzten. Ondorioz,  gabezia haun­dia dago hezegune haundiena, urmael edo tamaina haundiko putzuena. Badaude bide hertzetan eta kunetatan horrelako putzu txikiak, baina faltan botatzen ditugu denbora luzean urarekin egon daitezkeen putzuak». Horien gabezia ikusita, lanari ekin zioten, besteak beste, Ereñotzun.

«Pasaia aberastea» helburu
Nahiz eta askotan hitz egiten den espezie zehatz batzuk ‘salbatzearen’ inguruan, Ion Garinek azaldu duenez, «kasu honetan ez daukagu espezie konkretu bat buruan; helburua da paisaia aberastea. Izan ere, paisaian dauden elementu des­berdinak mantentzea ga­rrantzitsua da», izan fauna edota bertako basoa, setoak eta harresiak, edo aipatutako pu­tzuak berak.

Espezieei dagokienez dio ba­daudela «bizidun batzuk pu­tzuak beharrezkoak dituztenak. Bai anfibio, bai burruntzi eta bai sorginorratzek, horiek derrigorrez behar dituzte. Hor betetzen dutelako bizi-zikloa, hor ugaltzen dira, eta hor izaten dute ondorengotza».

Eta hori orain begibistakoa dela dio: «halako hezeguneei ez diegu garrantzia haundirik eman, baina gero eta gehiago ikusten da naturaz gozatzeko leku paregabeak direla. Oso espazio mugatuan, bizidun asko ikusteko aukera ematen du, eta hori oso interesgarria da bai hezkuntzaren ikuspegitik, baita dibulgaziorako ere».

Aurreneko hiru putzuak, Zepadin
Horiek berreskuratzeko, hain zuzen, Zepa­din hasi ziren Herna­niko mi­kro­hezeguneen sarea he­da­tzen. Hasteko, hiru putzu sortu zituzten Zepadin: bata, Txirrita Eskolako ikasleekin ba­tera Ziraba Proiektuaren ba­rruan; eta beste biak, makinen laguntzarekin. Ondoren, gainera, putzu nagusia oso haundia zenez, hesitu egin zuten Uda­lak eta basozainaren la­gun­tzaz. 

«Arazoa da fondoak egoten direla lanak [hezeguneak] egiteko, baina ez jarraipenerako»

Lan horiek jarraipena izan zuten bailaran bertan, Epelen beste putzu bat ere sortu bai­tzuten. Eta ondoren, baita ere, beste bi bailaretan, Ion Garin adituak azaldutakoaren arabera: Usokon eta Aparrainen. 

Usokon, «sei putzu sortu dira». Eta Aparrainen, aldiz, beste mota bateko lana egin da: «bertan, ur-biltegi bat zegoen, lurrez betetzen zena urarekin batera lurra zetorrelako, eta denboran zehar bete egiten da. Urak oso espazio gutxi betetzen zuenez, pala batekin kendu egin genuen lurra eta gaur egun esan dezakegu bolumen gehiago daukala eta denbora gehiago irauten duela bete gabe».

Beste lan bat ere egina da­go. 2015ean auzolanean be­rres­kuratu zituen Aranzadi Zien­tzia Elkar­teak Akolako Putzu­za­rreko iturria eta hezeguneak: «Putzuzarren ere hiru he­ze­­gune egokitu ziren; kasu ho­rretan, bertakoek erabiltzen zu­ten teknika bat baliatuz», azaldu dute.
Horiekin guztiekin, beraz, Garinek dioenez, «bailara guztietan funtzionalki egokiak izan daitezkeen hezegune gehi­­a­go dauzkagu gaur egun». 

Inguru egokiena, Epele errekaren ingurua
Zepadiko putzuak sortzen hasi aurretik ere, lanean hasi ziren Aranzadi Zientzia Elkarteko ki­de batzuk: «lehenengo prozedura bat egon zen eremua naturalizatzekoa. Hasieran be­ge­tazioaren ikuspegitik egin zen lana, plataneroak zeuden zonalde honetan, eta horiek kentzeko proiektua egin zen». Egungo egoera, aldiz, bestelakoa da: «hemen geratu diren espezien portzentaje oso haundia bertakoa da», dio Garinek.

Hori eginda, leku aproposa zela ikusi zuten, bertan hezeguneak egin ahal izateko. Bi arrazoi aipatzen ditu Ion Garinek: «alde batetik, bi babes-eremuekin lotura zeukan, Urumea ibaiarekin eta Aiako Harria parke naturalarekin; eta bestetik, lurra laua zen, errekak sortutako erreka-lautada, hain zuzen».

Gainera, eremu publikoa zen, eta horrek ere lagundu zuen: «Gipuzkoan eta Bizkaian daukagun arazoetako bat da baso gehienak pribatuak direla, eta beraz, horrelako lanak egin behar izaten direla ahal diren lekuan».

Auzolana, proiektuaren beste zutabe bat
Aipatutakoez aparte, auzolana ere garrantzitsua izan da mi­krohezeguneen sarea sortzeko. Zepadiko putzu txikiena Txi­rrita Eskolako ikasleekin batera egin zuten, eta Putzuza­rrekoa, aldiz, bertako bizilagunekin. 

Horren inguruan dio, «zuk egindako ekintza bat izanda, atxikimendu bat lor­tzen duzu beraien aldetik, eta era berean, hobeto zaintzeko ardura hori edo defendatzeko ardura hori».

Abantailak gehitu egiten dira Putzuzarreko proiektua bezalako batean: «honek historiaren kutsu bat ere badauka: auzolan hori egin zen ikusteko edo ez ahazteko nolakoa zen lehengo bizitza, eta nola bizi zen orduko jendea, gaur egun baino askoz lotuago naturari». 

Udalaren proiektua, hedatua
Hortaz, proiektua eginda zegoen, eta lur egokiak ere bazeuzkaten. Udalaren babesa jaso zuten orduan, baita Ereño­tzuko Auzo Udalarena ere, eta lanean jarri ziren. Eta horrek, izan du eragina: «Hernaniko Udalak martxan jarri duen egitasmo honek jarraipena izan du bai Errenterian, baita Iru­nen ere. Hau da, Aiako Harria barne hartzen dituen bost udalerrietatik hirutan putzu sare esaten diegun egitura sortzen ari da». 

Etorkizuneko erronka bat-bateko eguraldi aldaketa izango da: «lurra txirotu dezake epe luzera»

Hortaz, balorazio positiboa egiten du Aranzadiko Herpeto­logia saileko kideak: «horrek ziurrenik anfibioei epe luzera begira mesede egingo die». 

Kudeaketa jarraitua, erronka
Baina hori jakiteko, kudeaketa beharrezkoa dela onartzen du, eta kezkatuta dio askotan ez dagoela dirurik horretarako: «arazoa da fondoak egoten direla lanak egiteko, baina ez jarraipenerako». Dena den, argitzen du ez dela Hernaniren kasua: «hemen bagabiltza urtez urte bai Udalarekin, eta Auzo Udalaren laguntzarekin jarraipenak egiten». 

Eta horrek «ahalbidetzen digu jakitea zenbat espezie etorri diren eta zenbateko kopuruan, hau da, ikustea eraginkorra izan den egindako lana».  Pozik kontatzen du Ion Ga­rinek, adibidez, konturatu di­re­la, «anfibioak esker oneko es­pezieak direla, segituan ugal­tzen direnak horrelako putzuetan».

Begetazioari buruzko azterketa
Hain zuzen, Hernanin duela bi urte-edo hasi zuten jarraipen fasea. Eta dagoeneko ondorio txiki batzuk ere atera dituzte.  Ion Garinek azaldu du: «nola ez dagon espezie mehatxatu bat zehazki, esan genezake ezin dugula esan espezie bati mesede egin dion edo ez. Baina badakigu putzu guztiak kolonizatuak izan direla anfibioengatik, hori jakin badakigu. Bertan topatu ditugun espezieak, espezie arruntak dira, baina bere funtzioa be­tetzen dute ekosisteman. Or­duan, ziurrenik onuragarri suer­tatu liteke beharbada meha­txuan egon daitekeen beste bizidun ornodun ba­tzu­entzat».  

Hortaz, ondorio gisa diote «oso eremu aberatsa» dela. Baita ere, begetazio aldetik: «hemen sortzen ari den begetazioa bertakoa da». 
Hain zuzen, hori, begetazioa, ari dira aztertzen: «he­men euri asko egiten du, eta ba­tzuetan, bero asko ere bai, orduan, landaredia asko  hazten ari da». Horregatik, belar-mozketa bat egitea da azter­tzen ari diren aukera bat, baina osorik kendu gabe: «on­do etor daiteke gehien bat ba­daudelako anfibio batzuk behar dutenak eguzkia sartzen direneko zonaldeak, eremu irekiak izatea».

Dena den, etorkizuneko erronka dagoeneko hasi den bat-bateko eguraldi aldaketa izango da: «lehorte garai lu­zeagoak ohikoagoak izango dira, eta hemen ez gaude ohituta horretara, eta euri jasa haundiagoak ere bai». Eta horri heldu beharko diote, baita ere; izan ere, «lurra txirotu dezake epe luzera». 

 

Gipuzkoako Foru Aldundia

123 oztopo kenduko ditu Foru Aldundiak, «ibaien luzerako konektibitatea hobetzeko»

16 milioiko inbertsioa aurreikusi du Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamentuak. Obrak bi fasetan egingo dira.

Mikrohezeguneen sarea ez da, ordea, gizakiaren ekimenez espezieen mesedetan Uru­mea ibaiaren inguruan egin den jarduera bakarra. 

Hain zuzen, duela as­tebete aurkeztu zuen ibaien konektibitatea hobetzeko Plan Zu­zen­daria Gipuzkoako Foru Al­dun­­diko Ingurumeneko eta Obra Hi­draulikoetako Departamen­tu­ak. 16 milioiko aurrekontua aurkeztu dute Jose Ignacio Asen­sio diputatuak, eta Felix Asensio Obra Hidraulikoetako zuzendariak. 

«Plan honek klima aldaketak sortzen dituen kontrako eraginak orekatu nahi ditu»
Aurkeztutako Planaren helburua da, Diputatuak azaldu bezala: «definitzea zein jarduera burutuko ditugun hurrengo urteetan ibaien luzerako ko­nek­tibitatea hobetzeko, oztopoak iragazkortuz edota ezabatuz, eta jarduera horiek lehenestea dakarten onura ekologikoaren arabera». Azken batean, dio, «Plan honek klima aldaketak sortzen dituen kontrako eraginak orekatu nahi ditu, zehazki arrain espezieak gure ibaietan burutzen duten migrazioari sortzen dizkionak; izan ere, klima aldaketaren ondorio nagusienetako bat uren ematea murriztea baita».

123 oztopo ezabatzea, asmoa
Aurkezpenean jakinarazi zutenaren arabera, Planari esker, «Aldundiak Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaien arroetako eta ibaiadarretako 123 oztopo ezabatu edo iragazkortuko dira». Horrela bada, Plan honekin arrain espezieentzat iragazkorrak diren zatien luzera «hirukoiztu» egingo dela azaldu dute. 

Egoera konpontzeko, bi fase aurreikusten dituzte. Aurre­neko fasea datozen 8 urteetan izango da, eta orduan egingo dute lan Urumeako oztopoak kentzen: «lehen urte hauetan, lehentasunez ingurumen goi-balioak dituzten ibai zatietan eragingo da».

Web kamerak, Ereñotzun
Horrez gain, ur-emaria kontrolatu ahal izateko, Gipuzkoako bost aforalekutan kamerak ja­rri di­tuzte; zuzenean ikusi ahal izango da Ereñotzu­koa: www.­gipuzkoa­hidraulikoak.eus. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!