Etzi, astelehenarekin, jarriko du martxan Astigarragako Udalak, aurtengo aurrekontu partehartzaileen prozesua. Egun horretatik aurrera, eta maiatzaren 21era arte, herritarrek aukera izango dute, proposamenak egiteko. Horretarako, dagoeneko banatu dituzte eskuorriak, herriko etxeetan, eta bertan proposamenak idatzita, zenbait puntutan entregatzeko aukera izango dute: udaletxean, kultur etxean, anbulategian, kiroldegian edota zaharren egoitzan.
Aurten, 100.000 eurokoa izango da, aurrekontu partehartzaileen poltsa; eta horiek zertan inbertitu erabakiko dute herritarrek. Proposamenak jasota, Udalak aztertuko ditu, eta ondoren, astigartarrei aurkeztuko dizkiete, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren proiektuak. Azkenik, herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu 100.000 euro horiek, aurrera egin duten proposamenen artean.