20 urte betetzen ditu gaur, Azeri Bila lasterketak; eta ospatzeko, ibilbide berria estreinatuko dute. Arratsaldeko 18:30etan hasita, Urbieta kalean; haur eta gazteen lasterketak ordubete lehenago hasiko dira. San Joanak hemen direla aurreratzen du urtero Azeri Bila lasterketak.
Ez da aldatuko irteera eta helmuga gunea, baina bai osatuko duten bidea: «ibilbide motzagoa eta urbanoagoa izango da, eta giro haundiagoa sortuko da, herriko Kaxkotik eta irteera gunetik askotan pasatzen delako», azaldu dute. Kaxkotik Floridara jaitsi beharrean, Urbieta kalera bueltatuko dira, Latsunbe eta Ave Maria parkean barrena ibili eta helmugara igotzeko berriro. Zehazki, 4 kilometroko buelta izango da, eta bi buelta emango dizkiote, guztira 8 kilometro egiteko.
Taldeka ere korritu dezakete hernaniarrek
Lasterketa nagusian, 16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte, eta bakarka ez ezik, lau kideko taldetan ere parte ahal izango dute hernaniarrek.
Izena eman dute korrikalari asko eta gaur bertan ere izango da aukera, 16 euroan. Bai helduek eta gazteek eman dezakete izena egunean bertan.
Haur eta gazteek sei lasterketa, mailaren arabera
Helduen aurretik, haur eta gazteak arituko dira korrika. Arratsaldeko 17:30etan hasi, eta sei lasterketa izango dira guztira, kategoriaren arabera banatuta; hamar minuturo abiatuko dira. Mailaren arabera ibilbideak 100 metro eta 4 kilometro artekoak izango dira.
KIROL SARIAK
Gaur banatuko dira hiru sariak lasterketa eta gero
Lasterketaren sari banaketaren ondoren, banatuko dituzte Hernaniko Kirol Sariak ere, Urbietan. Sei dira, hautagaiak. Emakumezko kirolariari saria jasotzeko: Jone Irastorza judoka eta Maialen trainerua; gizonezko kirolariari sarirako, Aitor Gorrotxategi pelotaria, eta Ibai Alba duatleta; eta azkenik, Hernani Saria jasotzeko, Juan Rodriguez Hernani Errugbi Elkarteko presidentea, eta Luis Llopis Real Madrideko atezainen entrenatzailea.