«EAJk orain arte egindako guztia pikutara bidali du»

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 9a, 02:00

DBHak gai eztabaidatsua izaten jarraitzen du Astigarragan, bereziki, EAJk urte hasieran beste kokapen posible bat lan­tzen ari zela adierazi zuenetik. Horren aurrean, EH Bilduk prentsa-oharrean dio «DBH batzordea eskatu» zuela.

Oposizioko taldeak azaldu duenez, bertan, «Alkateak, udal teknikari, aholkulari, oposizioko kide eta gurasoei azalpenak emateari uko egin eta arratsaldean, gurasoekin izango zen batzarrean azalpenak emango zituela eta aste santuaren bueltan, beste batzorde bat deituko zuela agindu zuen».

Arratsaldeko batzarrean «gi­daritza Urumea Berriko promotoreari eman zion», diote, «gu­rasoen hasarrea piztuz». 

Bi hilabetera, beste batzorde bat
Baina hurrengo batzordea ez zen maiatzera arte egin: «Aste santutik bi astera batzorderik deitzen ez zuela ikusiaz, EH Bilduk berriz eskatu behar izan zuen batzordea». Bertan diote, ez zutela ezer berririk esan: «Ez zen dokumentaziorik eman eta oraindik ezer zehatzik ez dagoela argitu zuten. Udal teknikarien txostenik ez, Hezkuntzako sailaren idatzirik ez…».

EH Bilduren ustez, «EAJk orain arte egindako guztia pikutara bidali du, eta nola eta noiz amaituko den ez dakien prozesura kondenatu du DBHren etorkizuna». 

Izan ere, «EAJk ez ditu ziurtatu nahi prozeduraren epeak». Nahiz eta, «gurasoekin egindako batzarrean, 2019ko Santioe­tarako partzela prest egongo zela agindu zuen  baina batzordean, teknikoan esanetan, argi geratu zen hori ezinezkoa izango dela».

Tramitazioak, zailtasuna
EH Bilduk azaldu duenez, «Plan Orokorra onartu zenetik 6 aldaketa puntual burutu dira eta tramitazioan iraupen gutxien izan duen aldaketak urtebete eta 2 hilabetekoa izan da. Luzeena oraindik amaitu gabe dago eta dagoeneko 2 urte eta ia 7 hilabete daramazki». Gainera, tramiteak areagotu egin dira: «azterketa gehiago aurkeztu behar dira, besteak beste, ingurumen ebaluaketa sinplifikatua eta euskararen erabileran izango duen eragin azterketa». Hortaz, dio taldeak: «tramitazioa 2021erako amaituko balitz, ‘gaitzerdi!’».

«DBHk 2021era arte ezin du itxaron»
Beraien ustez, «2021era arte DBHk ezin du itxaron, eta DBHk dituen aukera apurrak ezin dira arriskuan jarri». EH Bilduren esanetan, «EAJk tematua jarrai­tzen du berean. Inolako presarik ez dagoela errepikatzeaz gain, Hezkuntza zinegotziak Udal arkitektoaren ezagutza mespretxatu zuen lotsarik gabe».

Informazioa, Hirigintza batzordean
DBHko bi batzorderen ondoren, EH Bilduk kritikatu du: «Hirigintza Batzordean ordea, gai ordenan aurreikusi gabe eta inork jakin gabe (ez teknikariek, ez oposizioko kideek), Urumea Berriko zuzendaria etorri zen bere eta Udal taldearen proposamena plazaratzea. Laburpena: DBHren lurra, 175 etxebizitza gehiagoren truke». 

Horren aurrean, diotenez, «EH Bilduk promotorearen hipokresia salatu eta promotoreak gurasoen batzarrean esandako guztia zuzena ez zela onartu behar izan zuen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!