Urteroko planari heldu, eta bueltan da Hernani Errugbi Elkarteak antolatzen duen Garagardo Festa. Gaur irekiko ditu ateak 19:00etan Atsegindegin, eta inaugurazio ekitaldia egingo da 20:00etan.
Jan-edana, eta musika
Igandera arte, ohi bezala, saltxitxa, ukondo eta antzekoak jan eta garagardo mota des–berdinak probatu ahal izango dira.
Sukaldea egunero 23:00ak arte irekiko da, baina azoka, gaur, 00:00ak arte egongo da irekita; bihar, 00:30ak arte. Larunbatean, berriz, 13:30etatik 15:30etara eta 19:30etatik 00:30etara, nahiz eta tartean, barra irekita egongo den, eta igandean, berdin, baina gaueko 23:30ak arte.
Musikari dagokionez, gaur Quiennes Band irlandar musika taldeak joko du, eta bihar, Bide Batez tritki taldeak; biak 22:00etan. Etzi, Rock Kam Broom taldea ibiliko da herrian zehar, 20:00etan, eta azokan gero, 22:00etan.
Errugbilari guztiek, txokoa
Jokalariek ere izango dute tokia, nola ez, urtero bezala, azokan. Batetik, bazkaria egingo dute igandean, klubeko laguntzaile eta gurasoekin.
Baina bestetik, larunbatean jokatuko den Errugbi Barneratzailea Txapelketako jokalariek azokan borobilduko dute eguna.
Tailerra gaur,
eta harrera bihar
Hain zuzen, Errubgi Barneratzailearen inguruko jardunaldiak asteartean hasi ziren, eta atzo izan zuten segida. Gaur, 18:00etatik 20:00etara Biterin ariko da Aritz Sanchez, aniztasun funtzionalaren inguruan dauden uste faltsu eta mitoak gezurtatu eta mundu honen berri emateko. Bereziki gomendatu diete tailerra, 14 urtetik gorakoei, eta izena emateko eskatu dute: inklusibo@hernanirugby.eus.
Jardunaldien barruan, bihar harrera egingo diete Biterin, 18:00etatik aurrera, larunbateko txapelketan parte hartuko duten kanpoko klubei, eta larunbatean, 10:00etan hasi eta 18:00ak arte jokatuko da txapelketa, tartean, bazkari eta guzti.
Hernani bigarren, Espainiako 'Sevens' Txapelketan
Bestalde, joan den larunbatean jokatu zuen Hernanik, gizonezkoetan, Espainiako Txapelketa, zazpiko errugbian. Eta iazko garaipena errepikatzetik gertu izan ziren trikoloreak. Ligaxkan, A multzoko lider bukatu zuten, Arquitectura taldeari 19-0 eta El Salvadorri 19-12 irabazita. Eta gero, txapeldun izateko, hiru talde onenen artean jokatu zuten azkeneko fasea: Bera Berari 12-7 irabazi zioten, baina galdu egin zuten El Salvadorren kontra (14-19); eta azken horiek izan ziren txapeldun. Horrela, beraz, bigarren bukatu zuen Hernanik.