Antonio Mateoren alargunak gaixotasun profesionaleko prestazioa jasoko du Donostiako Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiak, bere erreklamazioa onartu eta gero. Izan ere, 2015eko irailean hil zen Antonio Mateo, «35 urte baino gehiagotan Pedro Orbegozoko langile izan ondoren, mantenimenduko mekaniko bezala, amiantoa, silizea, trikloroetilenoa eta bestelako kantzerigenoekin kontaktuan», azaldu du ASVIAMIE elkarteak.
2015eko abuztuan diagnostikatu zioten biriketako adenokartzinoma, eta hilabete batera hil zen. «Mediku informeek jasotzen dute amiantoarekiko esposizioa izan zuela lanean, baina medikuek ez zuten bete bere obligazioa; biriketako minbiziaren jatorria lanekoa zenaren susmoaren berri emateko obligazioa, hain justu», azaldu du ASVIAMIEk: «eta hortaz, gaixotasun profesionalak ezkutatu ahal izatea erraztu dute».
2017ko otsailean hasi zituzten gaixotasuna errekonozitzeko tramiteak, baina Gizarte Segurantzak ukatu egin zion prestazioa, arrazoituz ez dela posible ziurtatzea minbiziaren jatorria profesionala zela.
Sententzia aldiz, kontrako bidean doa eta hortaz pozten da ASVIAMIEI elkartea eta dei bat egiten du: «Hamarkadetan amiantoaren arriskuan lana egin duen langile orori erregistroan sartzea. Honela langileen zerrendan sartzen baldin bada osasun arreta berezia eskaini daiteke, gaixotasuna denborarekin antzeman daiteke eta gaixotasun profesionalei dagozkion prestakuntzetara bidea errazten du».