Kaleak pintatzen aritu da Udala azkeneko hilabetean, aparkalekuen araudia martxan jartzeko. Dena prest daukate jada, eta beraz, gaur jarriko da martxan sistema berria, astearteko Plenoan aldaketa aho batez onartu ondoren.
Bi kolore, sei eremu
Sistema berriak Hernaniko erdialdeko aparkalekuak arautuko ditu bakarrik. Hain zuzen, sei eremutan banatu dute erdialdea: Biteri kalea, Atzieta kalea, Elkano kalea eta Txirrita kalea, Izpizua kalea eta Nafar kalea, osasun zentroaren ingurunea eta Plaza.
Horietan, bi gune izango dira, bi koloretan desberdinduta: gorria, erresidenteentzat; eta urdina, errotaziozkoa. Gune urdin gehienetan ordutegia honakoa izango da: goizeko 08:00etatik eguerdiko 14:00etara, eta arratsaldeko 16:00etatik iluntzeko 20:00etara. Ordu horietatik aurrera, kale osoa erresidenteentzat bilakatuko da, Atzieta kalean; besteetan, ordea, aparkatzea librea izango da.
Udalak nabarmendu du «denbora mugatzen bada ere, aparkatzeak doakoa izaten jarraituko duela».
Zamalanak eta motoak, bere horretan
Bere horretan geratuko dira, hortaz, araudi berriak ez die eragingo zamalanei, ezta motoen eta motozikleten aparkalekuei ere. Orain arte bezala jarraituko dute horiek.
Bestalde, Udalak jakinarazi du, oraingoz, herriko Udaltzainen esku geratuko dela araudia kontrolatzea.
GUNEAK
- Gune gorria: erresidenteentzako gunea 24 orduz.
- Gune urdina: errotaziozko gunea. Erregulazio ordutegitik kanpo, aparkatzea librea da.
EREMUAK
- Biteri kalea: gorria.
- Atzieta kalea: alde bat gorria, eta bestea urdina (08:00-14:00/16:00-20:00, 1,50 ordu). 20:00etatik aurrera, kale osoa erresidenteentzat.
- Elkano kalea eta Txirrita kalea: alde bat gorria, eta bestea urdina (08:00-14:00/16:00-20:00, 1,50 ordu).
- Izpizua kalea eta Nafar kalea: urdina (08:00-14:00/16:00-20:00, 1,50 ordu).
- Osasun Zentroaren Ingurunea, Urbieta eta Karobieta kaleen zatiak: (08:00-20:00, 1 ordu).
- Gudarien Plaza: 06:00-14:00, 30 minutu. Orain arte bezala, baina alboetan bakarrik aparkatu ahal izango da.
OHARRAK
- Zamalanak bere horretan mantentzen dira, ohiko guneetan eta ordutegietan.
- Erregulatutako guneetan dauden motoen eta motozikleten aparkalekuei ez die araudi honek eragiten.
- Momentuz, Udaltzainek kontrolatuko dute.