Martxan da, beste urte batez, Donosti Cup futbol txapelketa internazionala. Mundo osoko taldeak etorri dira jokatzera, eta Hernanik ere, protagonismo haundia izango du, berriro. Batetik, zortzi talde hernaniar ariko direlako torneoan; eta bestetik, partidu asko jokatuko direlako Zubipen.
Ilunben inauguratu zuten torneoa, atzo gauean; baina ordurako, dagoeneko jokatu zuten talde askok, ligaxkako estreinako partidua.
Nesketan bi talde, Hernanik
Hernaniarrek ere, jokatu zuten aurreneko partidua. Nesketan, bi talde izango ditu Hernanik: 18 urtez azpikoetan bat, eta 14 urtez azpikoetan bestea. Aurrenekoek, galdu egin zuten, Fontsanta-Fatjo talde kataluniarraren (1-2); Bartzelonaren kontra jokatuko dute gaur, 13:00etan Zarautzen; eta Terranova kolonbiarraren kontra bihar, 17:00etan Zubipen.
14 urtez azpikoek, berriz, irabazi egin zuten, Futfem Talents Academy kataluniarraren kontra (2-1). Wisconsin estatubatuarraren kontra ariko dira gaur, 10:00etan Lasarten; eta Antigua Luberriren kontra, 10:00etan Errenterian.
Mutilen sei talde, lau kategoriatan
Mutiletan, aldiz, sei talderekin ariko da Hernani, lau kategoria ezberdinetan: 18 urtez azpikoetan talde bat, 16 urtez azpikoetan bi talde, 14 urtez azpikoetan talde bat, eta 13 urtez azpikoetan beste bi talde.
Helduenek, garaipen batekin hasi zuten txapelketa, Murtziako Algar taldearen kontra (2-1). Seguraren kontra jokatuko dute gaur, 19:00etan Orion; eta Alfortville frantsesaren kontra bihar, 19:00etan Andoainen.
Gaur eta bihar, zortzi partidu jokatuko dira Zubipen: aurrenekoa goizeko 10:00etan, eta azkenekoa arratsaldeko 19:00etan hasita.
16 urtez azpikoetan, berriz, berdindu egin zuen A taldeak, Benimodo valentziarraren kontra (1-1). Alcorconeko Trivalvalderas izango du kontrario gaur, 18:30etan Beasainen; eta San Ramon hartuko du Zubipen bihar, 19:00etan. B taldeak, bere aldetik, galdu egin zuen Tarragonako Set11 taldearen kontra (0-3). Beste talde kataluniar bat, Atletic Sant Just, izango du kontrario gaur, 18:30etan Herreran; eta Doral estatubatuarra bihar, arratsaldeko 18:00etan Zubipen.
Bikain hasi zuen txapelketa, 14 urtez azpikoen taldeak, Mundarrori 4-0 irabazita. Sao Joao Brito portugaldarra izango du aurrean gaur, 16:00etan Pasaian; eta PA Team Academy madrildarra bihar, eguerdiko 12:00etan Usurbilen.
Eta azkenik, 13 urtez azpikoen bi taldeak izango ditu Hernanik. A taldeak galdu egin zuen, PA Team Academyren kontra (1-5). Buelta emateko, Tolosaren kontra jokatuko du gaur, 17:00etan Billabonan; eta ISL estatubatuarra hartuko du Zubipen bihar, 12:00etan.
B taldeak ere, porrota batekin ekin zion txapelketari, Trintxerperen kontra galduta (1-3). Beran jokatuko du gaur, Vasconiaren kontra, 11:45etan; eta Irunen bihar, 15:30etan, Salesianos Guadalajararen kontra.
Multzo bakoitzeko bi talde onenak, aurrera
Atzotik bihar arte jokatuko dituzten partiduak, hasierako ligaxkari dagozkio; eta multzo bakoitzean, bi talde onenek egingo dute aurrera. Kategoriaren arabera, final hamaseirenak jokatzeko sailkatuko dira, edo final 32renak. Ostegunean bertan jokatuko dira horiek, eta baita fase horretatik ere aurrera eginez gero, egun berean jokatuko dute hurrengo kanporaketa ere.
Ligaxkako bi aurrenekoetan sartu ez direnek, berriz, kontsolazio torneoa jokatuko dute, ostegunetik aurrera haiek ere.
Dozenaka partidu, Zubipen
Etxean jokatuko dituzte zenbait partidu hernaniarrek. Baina beste partidu asko ere izango dira Zubipen, egunero. Zortzi partidu jokatu ziren atzo, beste zortzi izango dira gaur eta bihar; goizeko 10:00etan aurrenekoa, eta 19:00etan azkena.
Eta behin kanporaketak hasita, oraindik ere gehiago jokatuko dira: hamabi partidu izango dira ostegunean, goizeko 09:00etan aurrenekoa, eta 20:00etan azkena. Eta beste hamaika ostiralean, ordutegi berarekin; tartean, kontsolazio torneoko bost final, 15:30etan hasita, bata bestearen atzetik.
Hernaniko talde bakoitzaren partiduak, Zubipen jokatuko diren partidu guztien zerrenda, eta txapelketari buruzko informazioa, torneoaren webgunean dago eskuragarri: www.donosticup.com.