Azken 40 urtetan asko aldatu al dira San Joanak? Hernaniarren artean badago uste bat: «Egitaraua urtetik urtera berdina da», baina begiradatxo bat botatzen badiogu esan liteke asko aldatu direla. Hasteko izena bera. 1979an kaleratu zen egitarauan ez dira San Joanak, San Juanak baizik. Ordurako Francoren diktadura bukatu zen eta garai berrien lehendabiziko udal hauteskundeak ospatu ziren bi hilabete aurretik. Juanjo Uria zen Hernaniko alkate berria.
Egitarauak eta batez ere ekitaldien kokaguneak asko aldatzen ditu festak eta Hernani desberdina zen 1979an. Hasteko Plaza zen festen erdigunea eta horretan eragin zuzena zuen bertan jartzen zen zezen plazak. Txarangen joan etorria Plazara etengabea zen, hondarra botatzen zen eta hernaniar guztiak bertan pasatzen zituzten ordu gehienak; asko eta asko harmailetan esertzen ziren.
Barrakak kokagune aldaketa ugari izan dituzte. Batzutan derrigorrezkoak obra desberdinen eraginez. Atsegindegi zen beraien ohiko kokagunea duela 40 urte, eta ondoren, egokitze lan desberdinen ondorioz, Txantxillan ere jarri ziren. Hortik berriz ere Atsegindegira itzuli ziren, baita Urumea Ikastola atzera ere. Eta azken urte hauetan Karabel izan da kokagune erabiliena, nahiz eta Urumea Ikastolako eraikin zaharraren atzean ere jarri izan diren.
Programari errepasoa eginez lehendabiziko egunean aldaketa nagusia Akelarrerik ez zegoela da eta umeen eguna zuen izena. Akelarrea 1986ko ekainaren 23an sortu zen eta lehendabiziko ekitaldia Goiz Eguzkin antolatu zen, gaueko ordu batean.
1979an ez zegoen ez Akelarrerik, ez San Joan Konpartsarik, ez Gazteen eta Axeri Dantza mistorik. Askoz ere protagonismo haundiagoa zuten zezenek eta Plazak.
Ordurako zezenak Plaza utzi eta Biterin jarri zituzten. Horrek aldaketa galanta suposatu zuen oraindik San Juan izenarekin ezagutzen ziren jaietan. Zezenak Atsegindegin ere izan zuten lekua 80 hamarkadaren amaieran eta 90 hamarkadan, baita Urumea Ikastola atzean ere, desagertu ziren arte. Latsunbe berriko pistako zezentxoek ez dute zer ikusirik urte haietako zezenekin. Goizean haurrentzako ziren eta arratsaldean helduentzako. Eta gero goizean goiz sokamuturra antolatzen zen, gaur egun bezela, nahiz eta zezentxoa edo ‘bakilla’ mugitzen zen eremua zabalagoa izan Kaxkoan zehar.
Festen hasiera ere aldatu da. Mende honen hasieran herriko talde, pertsonai edo eragileak dira protagonista eta ordura arte alkateak igo eta jeisten zuen herriko ikurrriña.
Gazteen Axeri Dantza 2013an sartu da egitarauan; arratsaldean haurren aurreskua, karabina tiraketa, San Joan erronda, San Joan Martxa, Salbe Nagusia elizan, San Joan Sua, Santa Barbarako danborrada, gaueko dantzaldia egiten ziren gaur egun bezala. Hori bai, Landaren San Juan Errugbi Torneoa antolatzen zen eta herriko haur gimnasten erakustaldia zegoen Santinek gidatuta.
Gauza berriak ere sartu dira. Lehen aipatu diren Akelarrea eta Gazteen Axeri Dantza, baita San Joan suaren ondorengo Kantaita ere. 2001ean berreskuratu zen ohitura zahar hau.
Ekainaren 24an eta 25ean aldaketa gutxi
Aldaketa gutxi egon da San Joan Egunean, ekainaren 24an. Kirol ekitaldiren bat antolatzen zen eta gaur egun San Joanetan zehar, egun desberdinetan antolatzen zirenak aurreko asteburuan egiten dira. Bestela, aldaketarik apenas izan du San Joan egunak. Goizeko Diana, Txantxangorrik antolatutako plater edota ehiza zakur lehiaketa. Meza Nagusia, haurren danborrada, Txistulari edota Musika Bandaren kontzertua, Euskal Dantzen Lehiaketa... bere horretan jarraitzen dute urteak joan eta urteak etorri. Su artifizialak sartu ziren egitarauan egun honetan urte batzutan, baina ez du jarraipenik izan eta aldizkakoa izan da bere presentzia festetan.
Baina oraindik eta aldaketa gutxiago izan du ekainaren 25ak, gazte bazkaria eta brindisa salbu. Hasteko egun haundi honek ez zuen koadrilen eguna izena. 1979an Umeen Eguna zegoen, Baserritarren Eguna, baina inon ez da ageri Koadrilen Eguna. Hori bai, koadrilak biltzen ziren bazkaltzeko. Izendapen hori nahiko berria da. Gazteen bazkaririk ez zen egiten ez Tilosetan, ez Plaza Berrin, ez eta Plazan ere. Eta koadrilen brindisa mende honetakoa da, 2009koa hain zuzen.
Bestela aldaketa gutxi daude. Goizean sokamuturra mantentzen da, axeri dantzaren lehenengo eguna da eta Elorrabin hildakoen omenez Meza egiten da 1979garren urtetik. Bola jokoa ere egun honetan antolatzen da urtero. Hori bai arratsaldean zezenak helduentzako antolatzen ziren eta gaur egun umeentzako izaten dira. Batzutan zezen suzkoa atera izan da askorentzat San Joanetako egunik politena den jardunaldian.
San Joanak sei egun irauten zuten, eta ekainaren 28an amaitzen ziren
Sokamuturra eta axeri dantzaren bigarren eguna izaten da ekainaren 26a eta azken 40 urtetan bere horretan darrai. Ume eta gazteentzako ekitaldi asko antolatzen ziren egun honetan. Goitibeherak, umeentzako zezentxoak, ikuskizunak... eta gaur egun ere mantentzen dira umeentzako ekintzak nahiz eta desberdinak diren. Urtetik urtera aldatu diren saioak sartu eta atera dira programan. Bilgune feministak hainbat ekintza antolatzen ditu eta garai batean bertsolariak ere izaten ziren.
Hala ere aldaketa gehiena izan dituzten bi egunak ekianaren 27a eta ekainaren 28a izan dira. Bai, bai. San Joanak sei egun irauten zuten 1985garren urtera arte eta festak 28an amaitzen ziren. Ordura arte Lasarte-Oriako San Pedroak Hernaniko udaletik antolatzen ziren eta biak uztartzen ziren; bat hasi eta bestea amaitu. Lasarte-Oria herri udal bihurtu zenean Hernanin festak egun bat jeitsi ziren eta horrek egitarauan eragin haundia izan zuen.
Baserritaren Eguna izaten zen 28a eta abere azoka ederra antolatzen zen Tilosetan eta herri kirolen jaialdia ere bazegoen gaur egun bezela. Zezenak ekainaren 27ra arte irauten zuten, baita sokamuturrak ere. Pasa den urtetik egun bat gutxiago dago. Axeri Dantza egun bat luzatu zen, mistoa sortuz, 90. hamarkadaren erdialdean eta San Joan Konpartsak bere ibilbidea hasi zuen duela 26 urte, 1992an. Plazan ekitaldi nagusia hasi ziren egiten.
Ez eguna bakarrik, festen amaiera ordu desberdinak ezagutu dira. Ordubiak zen bandera jeisten zen ordua, baina 120 minutu aurretik egiten da azken urteetan, gaueko 12:00etan.