Gure esku dagok giza-katea egiteko erronka jarri du ekainaren 10ean eta izenemate-mahaiak jartzen ari dira herrian, eta webgunean ere, www.gureeskudago.eus, aukera dago. Horren aurretik, ordea, beste bi zita ere jarri dira Hernanin, oraingoz. Batetik, mahai-ingurua, gaur, eta bestetik, Herritarron Ituna osatzeko topaketa, 5ean.
Erabakitzeko eskubidea aztergai, gaur Biterin
Aurreneko zita gaur jarri dute. Biterin, 19:00etan hasita, erabakitzeko arrazoien inguruan aritzeko aukera izango da. Lau hizlari gonbidatu dituzte. Miren Clemente jubilatuen ikuspegitik ariko da, erabakitzeko eskubideak daukan garrantziaz. Kistiñe Lujanbiok arlo juridikoa landuko du, eta defendatuko du erabakitzeko eskubidea legezkoa dela. Joxe Mari Azurmendi, berriz, hezkuntza eta euskeraren ikuspuntutik ariko da. Eta Kattalin Miner, gizarteaz eta feminismoaz. Hizlarien ondoren, herritarrek izango dute parte hartzeko aukera, eztabaiadarako tartean.
Larunbatean, topaketa
Hurrengo zita larunbatean maiatzaren 5erako jarri dute, 11:00etatik 13:00etara, Biterin.
Herritarron Ituna osatzeko topaketa egingo da. «Erabakitzeko dauzkagun arrazoiak mahai gainean» jarriko dira, eta hori aurreratzeko, panelak jarri dituzte herrian, nahi duenak bere proposamena idatzi dezan.
Bertan, Erabakitzeko Eskubidearen alde guztiek dituzten iritzi eta arrazoiak azaldu eta partekatuko dira.
Hernaniar guztiak deituak daude bertan parte hartzera, «jakinik gainera, batzar edo bilkura hori guztiz aberasgarria izango dela, bertan, jatorri eta pentsakera desberdinetako jende anitzak parte hartuko duelako. Ziur baita ere, ekainaren 10eko Giza Katerako jendeak izena emateko bultzada ere izango dela larunbat honetako topaketa».