Apirileko Plenoan aurkeztu zuen Udal Gobernuak, 2017ko aurrekontuaren likidazioa. Eta bere balorazioa egin nahi izan du EH Bilduk, prentsa ohar bidez: «datuak oso kaxkarrak dira, eta kontuhartzailearen txostenak berretsi zuen guk ohartarazitakoa, EAJ ez dela gai izan inbertsioen %38a garatzeko ere. 2017an, inbertsioetarako 2.303.867 euro zeuden aurreikusita, eta 883.178 besterik ez ditu gastatu EAJk», dio.
Gauzatu gabekoen artean, «inbertsio estrategikoak» eta «berebiziko garrantzia dutenak» aipatu ditu EH Bilduk: Arrobitxuloko ezponda egonkortzea, Anuskako hiritartzea, haur eskola berria, DBHren partzelaren erosketa, Perurenako lanak... «Geratzen den urte honetan, horiek gauzatzen has daitezen lan egingo dugu, oposiziotik bada ere».
EH Bilduk jakinarazi du, era berean, aztertu duela inbertsioen gauzatze maila 2004 urtetik hona, «eta 2017koa da datu txarrena. Hurrengo datu okerrena 2011koa da; urte hartan %48koa izan zen, eta orduan ere, EAJ zegoen gobernuan, H1!ekin. EAJk beti saldu du bere burua kudeatzaile on moduan, baina datuek aurkakoa diote. EAJren kudeatzeko gaitasun eza erabatekoa da, eta utzikeria absolutua. EAJk gobernuan jarraitzen duen egun bakoitza, Astigarragak aurrera egiteko galtzen duen egun bat da. Utzikeria honen adibide da Obrak eta Zerbitzuak batzordea; hilero behar luke, baina azaroaren 16an izan zen azkenekoz. Gardentasun falta izugarriaren seinale da», kritikatu du. Horren harira, EH Bilduk jakinarazi du, EAJk obra eta zerbitzuetarako kanpoko aholkulari bat kontratatzeko asmoa aurreratu zuela Plenoan: «erakusten du, EAJk kudeatzeko duen gaitasun eza eta laguntzaile baten beharra. Ez dugu onartuko, bere gaitasun ezagatik, diru publikoa xahutzea aholkularitza pribatuetan».
Plenoan onartu zen, bestalde, gerakina zertan gastatu: «proposatutako gastuaren %65, izango da EH Bilduk behin eta berriz proposatutako ekimenak bideratzeko. Berri ona izanda ere, horiek gauzatuko diren zalantza daukagu, 2017ko likidazioa ikusita, horren bermerik ez dagoelako», dio EH Bilduk. Eta aurreratu du, alegazio epea aprobetxatuko duela, EAJren proposamena osatzeko: «prest gaude adostasunak lortzeko», nabarmendu du.